ElkarMaker eguna hartu zuen Iñigo Aritza ikastolak

Guaixe 2019ko mai. 28a, 13:24
Ikasleak prototipoetako bat begiratzen.

Teknologiaren arloan, ikasleengan ekintzailetza-jarrerak sustatzeko proiektua aurkeztu zuten. Ikas mailen arteko kooperazio lana izan da, “pentsatu, ideiak sortu eta diseinatu filosofiari jarraituz”.

Gurasoei ikastolan aurkezpena eginda, hala borobildu zuten ElkarMaker proiektua Iñigo Aritza ikastolan pasa den asteartean. Sonia Lizarraga Ondarra teknologia irakaslea eta pedagogia zuzendariak esan digunez, “STEM (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika) ekimenen testuinguruan kokatzen da eta zientzia bokazioa bulkatzea du helburu”. Lizarragak azaldu digunez, Ikastolen Elkartearen eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren hitzarmenaren fruitu izan da proiektua, “ElkarMaker, bi hitz dira: elkarrekin eta sortzaile. Elkarlanean egindako lan bat da, Ikastolako Lehen Hezkuntzako (LH) 3 mailako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 3. mailako eta Mondragongo Industria Diseinuko 2. mailako (ID2) ikasleek parte hartu dute”. Proiektu pilotua zortzi ikastoletan garatu dute eta Nafarroako bakarra izan da Burundakoa.

Ikasturte hasieran abiarazi zuten proiektua. Lizarragak pausoak azaldu dizkigu: “Aurrena, LH3ko ikasleek (8 eta 9 urtekoak) haien ametsetako makinaren marrazkia egin zuten gelan. DBH 3ko ikasleek marrazki horiek kontuan izanik maketa bat eraiki dugu teknologia saioetan. Eta, azkenik, ID2ko ikasleek prototipoa egin dute. Garapen bat izan da, pentsatu, ideiak sortu eta diseinatu filosofiari segituz”. Egitasmoak ikasleengan sormena, arriskuak hartzeko gaitasuna, sortzaile izatea eta konstantzia sustatzea zuen helburu.

Lan moldea
Ikasle txikienei teknologia zer den azalduz hasi zuten proiektua: “gizarteen arazoei konponbidea emateko gauzak, makinak, objektuak asmatzen ditugu. Haiek euren inguruan dituzten arazoez edo egoera deserosoak konpontzeko egin zezaketenaz hausnartu zuten”. Iraileko goiz batez DBH3ko 5 ordezkarien eta ID2ko 4 ordezkarien bisita jaso zuten eta ikasle txikienak, banaka euren marrazkiak egiten hasi ziren eta ikasle helduagoak elkartzen zitzaizkien zertan ari ziren galdezka, eta lagunduz. “Gero taldeka jarri ziren, hausnartu eta taldeko marrazki bat aukeratu zuten”.

Hala bost marrazki aukeratu zituzten. Bolumena izena zuenak bolumena neurtzeko makina zen, “bolumen handia zegoenean, argi batzuk pizten zitzaizkionak”. Ura proiektuaren bidez itsasoko urari gatza kentzeko makina bat zen. Kameleoi itxura zuen beste bat arkatz bat zen. Katilua emanez punta ateratzen zen eta gero barrura sartzean zen. Dinobizikleta mugikortasun arazoak dituzten pertsonei laguntzeko motor bat zuen ibilgailua. Goian dauden edo iristen ez garen lekuetatik gauzak hartzeko robota ere aukeratu zuten. Aurkezpen guztiak egin ondoren bi aukeratu zituzten: dinobizikleta eta robot besoa.

Iraila bukaeran DBH3ko ordezkariak bi marrazkiekin klasera joan ziren. Haiek ikasgelan aurkeztu eta sortutako bost taldeek bietako bat aukeratu behar izan zuten. Hiru dinobizikleta eta bi robot-besoren maketak egin zituzten. “Teknologia saioetan, eguberriak bitartean proiektua lantzen egon dira. Teknologian proiektuen garapenerako erabiltzen dugun Ideal prozedura jarraituz aritu dira elkarlanean”.

Bukatzean talde bakoitzak bere maketaren aurkezpena egin behar izan zuen. “Horretarako, argazkiak egin eta aurkezpena prestatu behar izan zuten”. Izan ere, LH3ko eta ID2ko ikasleei ere aurkeztu behar izan zieten. Bost maketetatik bi aukeratu zituzten, dinobizikleta bat eta robot beso bat. ID2ko ikasleek maketak euren ikastetxera eraman zituzten eta haien gainean lan egin ondoren, asteartean prototipoekin etorri ziren eta aurkezpena egiteko. “Goizean LH3ko ikasleek ikusi zituzten. Arratsaldean, familiei proiektuaren berri eman genien. DBH3koak izan ziren protagonistak, haiek egin zuten aurkezpena, argazkiz eta bideoz lagunduta. Bilakaera guztia ezagutzeko aukera izan zuten familiek”. Lizarragak esan digunez, “balorazioa egiterakoan harritu egin dira familiak: marrazki batetik begira zer maketak eta prototipoak egin dituzten. Oso polita izan zen ere DBH3koak tailerrean zeudela LHkoak euren maketen bilakaera nolakoa zen ikusteko egindako bisitak. Hau nola? Hori zer? Zergatik horrela? Gainera, proposamenekin. Oso motibaturik egon dira”.

Aukeraketaz
Iñigo Aritza ikastolan Eki proiektuan murgilduta daude. “Teknologia Ekira bideratzeko Ikastolen Elkarteak mintegiak antolatzen ditu maiztasun batekin Donostian eta Euskal Herriko hainbat ikastola elkartzen gara”. Lizarraga ere joaten baita. Proiektuaren berri eman zutenean, “gu inplikatuta gaudenez, proiektuan parte hartzeko lehentasuna izatea eskatu genuen. Askotan gertatzen baita ikastetxe handietara doazela halako proiektuak”. Burundatik egindako eskaera aintzat hartu zuten elkartean eta “egindako lana eskertzeko modu” gisa proiektuan sartu zituzten.

Balorazioa egin eta ElkarMaker proiektuaren etorkizuna zehazteko dute. Buruan dituzte hizkuntzak, ahozkotasuna, aurkezpenak eta bestelakoekin uztartzeko aukerak. “Baina erabat definitu gabe dago heldu den ikasturteko egitasmoa”.  

Erlazionatuak

"Ikasleak oso motibaturik egon dira"

Beleixe Irratia 2019 mai 23