Familiek ikasleei Lomce proba ez egiteko baimena emateko deia

Guaixe 2019ko mai. 28a, 08:56
Andra Mari ikastolan Lomceko proben kontrako aurreko protesta bat.

Andra Mari Ikastolako LH 6. mailako ikasleek egin beharko dituzte ostegunean eta ostiralean. Ikastolako enpresa batzordeak familiei eskatu die ikasleei baimena emateko proba ez egiteko. Gainera, ikastola berriaren sarreran kontzentrazioa deitu du ostegunerako, 08:40an.

Hezkuntza arloko Lomce legea 2013tik dago indarrean eta hark ikasleen ebaluazio probak ezarri zituenak. Andra Mari ikastolako enpresa batzordeak jakinarazi duenez, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak Lomcetik eratorritako probak pasa behar dituztela ostegunean eta ostiralean. Andra Mari Ikastolako enpresa batzordeak gogorarazi du Ikastolako klaustroa LOMCEren kontrako jarrera adierazi zuela. Aldi berean, ikastolako hezkuntza komunitateari ikastola berriko sarreran ostegunean 08:40an eginen den kontzentrazioan parte hartzera deitu dituzte. Horrekin batera, ebaluatuak izan behar duten ikasleen gurasoei eskatu diete txikiei baimena ematea proba ez egiteko. Eta Hezkuntza Departamentuari zuzenduta adierazi dutenez, “Nafarroako Hezkuntza komunitateak ez duela LOMCEren flexibilizazio ezta moratoriarik nahi. Behingoan gure Hezkuntza Sistema Propioaren bidean urratsak eman ditzala”.



Langileen ordezkariek salatu dutenez, Hezkuntza Departamentuak “modu mozorrotuan kanpotik inposatutako LOMCE proba deskafeinatuei bide eman die”. Gaineratu dutenez, Lomceren eredua, besteak beste, “arrotza, antipedagogikoa, atzerakoia, segregatzailea” da. Enpresa batzordean nagusi den LAB sindikatutik “bide propioa garatzeko ausardia behar dugu une hauetan”. Eta gogorarazi du “hezkuntza burujabetzaren bidean herri gisa elkarlanean ebaluazio eredu propioa osatzeko determinazioa adierazi nahi du askotan”. Sindikatuak proposatutako ebaluazioarekin “sistema guztia baloratzea” proposatzen du: “ikaslea ez ezik, baliabideak eta lan baldintzak, metodologiak, formazioa, azpiegiturak, eskola; hobekuntza, ekitate, aukera berdintasunean oinarrituz eta bide horretan aurrera egiteko plan eta neurri zehatzak eskainiko dituena”. Hori egiteko hezkuntza komunitate guztiaren parte hartzea proposatzen du. LABek Hezkuntza Departamentuari komunitateko eragileekin elkarlanean Lomceren aurrean estrategia bateratua adostu dezala eta ebaluazio hezitzaile eredu propioaren bidean eztabaida ireki dezala eskatu dio.