Lagun Arteak igotzeko aukerei eusten die

Guaixe 2019ko mai. 27a, 13:35

Erregional maila. Igoera fasea. 12. jardunaldia. Lagun Artea 3 – Ardoi B 3 / Altsasu 1 – Lagunak 0

Erregional mailan igoera faseko 12. jardunaldia jokatu zen asteburuan. Sailkapenean lehena den Ardoi hartu zuen Lagun Arteak Lakuntzan, eta lidergoa egon zen jokoan. Hasieran Ardoi taldea aurreratu zen, eta nahiz eta lakuntzarrak saiatu, ez zen berdinketa iristen. Are gehiago, 59. minutuan bigarren gola sartu zuen Zizurkoek. Baina lakuntzarrek ez zuten etsi eta Unanuak sartutako bi golei esker, berdintzea lortu zuten. Gutxi iraun zuen pozak, Ardoik hirugarren gola sartu baitzuen minutu bat beranduago. Lagun Arteak, ordea, gol aukerak sortzen jarraitu zuen eta partida akaberan, deskontuan, hiruna berdintzea lortu zuen, garaipen zaporea izan zuen berdinketa, bihotzekoak emateko moduko partidan.

Bestalde, Dantzalekun jokatzeak berriro ere garaipena lortzeko animoa eman zion Altsasuri. Barañaingo Lagunak taldea hartu zuen Altsasuk, eta lehen zatian Altsasuk dominatu zuen partida, eta 27. minutuan Pitik Altsasu aurreratu zuen. Bigarren zatian Lagunak taldeak hobetu zuen, eta gol aukerak izan zituen, baina Altsasu primeran aritu zen eta garaipenari eustea eta hiru puntuak eskuratzea lortu zuen, primerako itxura eman eta gero.

Gauzak horrela, estu-estu dago erregional mailako igoera fasea. Ardoi B taldea da A multzoko liderra (24 puntu), Lagunak B bigarrenarekin puntutara berdinduta (24 puntu) eta Lagun Artea hirugarrena dela, puntu bat gutxiagorekin (23 puntu). Altsasu zazpigarrena da (11 puntu). Bi jardunaldi geratzen dira igoera fasea eta lehen hiru taldeak igoko dira preferente mailara. Lagun Arteak igotzeko aukerak ditu eta Altsasuk apenas, baina azkenera arte borrokatuko dute gure bi taldeek.

Asteburuan hirugarrena den Lagun Arteak bigarrena den Lagunak B taldea hartuko du Lakuntzan, Zelai Berrin, eta goian dauden bi arerio zuzenen arteko partida izango da jokoan dagoena. Altsasuk, berriz, Urroztarraren kontra jokatuko du, Urrotzen.