Nafarroako IV. Ezkilazainen topaketa Lakuntzan

Guaixe 2019ko mai. 27a, 14:48

Larunbatean 30 bat ezkilazain bildu ziren Lakuntzan. Topaketa sortu berri den Nafarroako Ezkilazainen Elkartearen lehenengo asanblada egiteko baliatu zuten. Gainera, Tomas Ganboa arruazuarra elkarteko ohorezko presidentea izendatu zuten

Nafarroako IV. Ezkilazainen Topaketa egin zuten larunbatean Lakuntzan. Olaztitik, Altsasutik, Iruñetik, Artaxoatik, Allotik, Santakara eta Nafarroako beste hainbat herritik etorri ziren kanpai joleak, baita Nafarroatik kanpotik ere etorri ziren topaketara, esaterako, Errioxako Ezkaraitik, Arabako Elburgotik eta Gizpuzkoako Eskoriatzatik.

Nafarroako Ezkilazainen elkarteko lehenengo asanblada egin zuten ezkilazainek Lakuntzako elizan. Ekitaldi xume horretan Tomas Ganboa Arruazuko ezkilazaina omendu zuten ohorezko presidentea izendatuz. Ondoren, bildutako ezkilazainak kanpai dorrera igo ziren eta nahi izan zuenak bere herriko errepikea jotzeko aukera izan zuen. Lehenengoa Tomas Ganboa elkartearen ohorezko presidentea izan zen eta haren atzetik banan-banan dilin-dalan aritu ziren bazkalordura arte. 70 bat pertsona bildu ziren bazkarian.