Mankomunitateak surf ikastaroan izena ematea luzatu du

Guaixe 2019ko mai. 28a, 13:38

Ekainaren 10era arte eman daiteke izena Mank-ek ekainaren 15ean eta 16an Zarautzen antolatutako surf ikastaroan. Autobusa izanen da

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak udarako prestatutako ekitaldien barruan surf ikastaroa aurtengo nobedade nagusia da. Ikastaro honi esker, Zarauzko olatuetan surf egiteko aukera izango dugu sakandarrok. Ekainaren 15ean eta 16an izanen da ikastaroa, asteburuan, eta 18 urtetik gorakoendako edo familian egiteko ikastaroa izango da. Kasu horretan, familia bakoitza izanen da bere haurren arduraduna. Garraioa ez da arazoa izango, Zarautzera joateko eta bueltatzeko autobusa egongo baita.

Surf ikastaroa ordu t’erdikoa izango da. Horrela, Zarautzera joateko autobusa 14:00etan aterako da Ziorditik eta partaideak herriz herri jasoko ditu. Ikastaroa egin ondoren, Zarautzetik 20:30ean abiatuko da, Sakanara buelta egiteko.

Surf hastapen ikastaro honek 40 euroko prezioa du, surfean aritzeko beharrezko material guztia barne. Bestalde, ikastaroan parte hartu ez baina Zarautzera joan nahi duenak, 10 euroko prezioan egingo du buelta. Izena ematea zabalik dago Mank-eko Kirol Zerbitzuan (948 464 866, kirolak@sakana-mank.eus).

Errugbia, futbola eta triatloia
Mank-eko udako eskaintzaren barruan, surfaz gain futbol campusa –mutilendako eta neskendako–, triatloi campusa eta errugbi campusa izanen dira, hauek uztailean.

Futbol campusak ibilbide luzea du. Aurten emakumezkoen campusa atera da lehenengoz, eta, beraz,  mutilak alde batetik trebatuko dira eta neskak bestetik. Mutilen campusa Uharte Arakilgo futbol zelaian izanen da, Iokin Lobo monitorearekin, eta neskena Altsasuko Dantzalekun, Maalen Berazarekin. Hori bai, Errealeko Anoetara egingo duten txangora guztiak elkarrekin joango dira. Uztailaren 1etik 6ra 2007an, 2008an eta 2009an jaiotakoak trebatuko dira, eta uztailaren 8tik 13ra 2004an, 2005ean eta 2006an jaiotakoak, goizeko 9:30etik 14:00etara. Prezioa: 45 euro, Anoetara txangoa barne.

Triatloi campusa, aldiz, bi astekoa izango da. Uztailaren 16an hasi eta 27an despedituko da, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 13:00etara, Altsasuko Zelandi kiroldegian. Igeriketa prestakuntza Zelandin egingo dute eta txirrindula eta korrika prestakuntza Altsasuko txokoetan. 8 urtetik 16 urtera bitarteko neska-mutilek eman ahal dute izena. Prezioa: 40 euro.