Andra Mari, Nafarroako lauko txapelduna

Guaixe 2019ko mai. 28a, 12:22

Kadeteen Nafarroako 4x4 Sokatira Txapelketako finala irabazi zuen Andra Mari B taldeak Antsoain B taldearen kontra

Larunbatean Kadeteen Mailako Nafarroako 4x4 Txapelketako 3. jardunaldia eta finala jokatu ziren Berriozarren. Guztira 7 talde lehiatu dira kadeteen txapelketan (280 kg): Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako 2 talde, Araxes, Berriozar klubeko 2 talde eta Antsoaingo 2 talde.

Hirugarren jardunaldia jokatu eta gero, lehen bi talde onenak finalerako sailkatu ziren: Andra Mari B (20 puntu) eta Antsoain B (16,5 puntu). Hirugarren jardunaldi horretan, Antsoaingoak Etxarri Aranazkoak baino finago ibili ziren, eta, hortaz, final lehiatu eta zaila aurreikusten zen. Urduritasun handiko finalean, azkenean txapela Etxarri Aranatzera ekarri zuen Andra Mari ikastola B taldeak, Antsoain B mendean hartu eta gero. Pozik, oso pozik daude Andra Mari ikastolan.

Hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko finala Antsoain A eta Berriozar A taldeek jokatu zuten, eta Berriozar A izan zen finago, Antsoain A taldearen aurretik. Berriozar B bosgarrena sailkatu da, Araxes seigarrena eta Andra Mari A zazpigarrena.