EHZ Festibalak bere programazio osoa argitara eman du

Babestutako edukia 2019ko mai. 28a, 13:00

2019ko ediziorako, EHZ festibalak Ipar Euskal Herriko bihotzera eraman nahi izan du bere dinamika kulturala eta Baxe-Nafarroako Irisarri herrian pausatuko da ekainaren 28tik 30era. Ideia berri zenbaitekin eta 23 urteko ibilbidea soinean eramanik, aurtengoa ere hitzordu berezia izanen dugu.

PROGRAMAZIO ABERATSA ETA ANITZA
Programazioaren aldetik, aurten, EHZak Euskal Herriko artistak hobeki ezagutzera eramanen gaitu, kalitatezko eskaintza aberats eta anitza proposatzeko xedearekin. Rap, Rock, Pop, Reggae, Cumbia doinuek hiru egun horietako soinu banda osatuko dute, festibalarien jakinmina piztuz.

Musika talde nagusien artean, Iseo & Dodosound, Niña Coyote eta Chico Tornado, Willis Drummond eta Gari & Maldanbera aipa genitzake, baina zalantzarik gabe, Oihan Oliarj-ines zuberotarraren Oihaneko Zühainetan eta Ray Fernandez kubatarraren kontzertuak izanen dira ikusmin gehien piztuko dutenak. Zenbait taldek haien obra berriak aurkeztuko dituzte festibalean, haien artean dira Pelax, Rodeo, Alba, Ibil Bedi eta Diabolo Kiwi.  

Anari, Old School Funky Family, Cumbiam’bero, , Liher, Manu Louis, The Very Small Orchestra, Lu Rois, Izaki gardenak, Koban, Nizuri Tazuneri, Montauk, Koban eta Broken Brothers Brass Band izanen dira EHZ Festibalaren eszenaren jabe eginen diren gainerako taldeak.

Ikusgarri mailan, Led Silhouette dantza konpainiaren eta Toi d'abord zirkoarenak aipagarri genituzke. Lehenak, Orbita ikusgarria estreinatuko du, EHZ Festibalerako propio eraturiko sorkuntza eta Gaizka Sarasola musikariaren zuzeneko konposizioek lagunduko dutena. Bertso-poteoak, txarangek, dantzak, erakusketek eta antzerkiek osatuko dute programazioa.

HAUSNARKETA ETA EZTABAIDA ARDATZ
Aurten, arreta berezia ezarri da hausnartzeko eta eztabaidatzeko espazio bat bermatzeari begira. Aurtengo edukiak bost ildoren inguruan osatu dira: feminismoa, besta eredua, burujabetza-autogestioa, G7-a eta migrazioa. Ildo bakoitza hainbat hitzaldi, eztabaida eta mahai inguruz osatua da, eta jarraipen logiko bat ukanen dute. Tailer horietan parte hartu nahiko duten festibalariek ildoren batean izen-eman beharko dute aitzinetik. Tailerrak adituen eta eragileen ekarpenekin diseinatu dira, parte hartzaileek gaur egungo erronkei buruz hausnartzea, iritzial trukatzea eta horietan sakontzea helburu izanik.

IPAR EUSKAL HERRIKO BIHOTZEAN
Ingurune ezin ederrago batean, Baigura mendiaren zango petan, Irisarriko herria koadro ideala izanen da esperientzia berezi honen bizitzeko. Aurtengo berritasun handienetako bat izanen da Herriko plazako gunea urririk izanen dela. Bertan, tailer, hitzaldi eta ikusgarri andana bat eskainiko dira familia eta bisitari guzien gozamenerako. Horrez gain, Haurren Xokoan ttikienek ere aukera bikaina izanen dute ezin hobeto pasatzeko: eskulan tailerrak, puzgarriak, zirko ikastaroak, magia…  Kontzertuak, berriz, ondoko pentzean izanen ditugu.   

Sarrerak 45 eurotan saltzen dira festibalaren webgunean, baina ekainaren 3an finituko da aitzinsalmentako salneurri berezi horretan erosteko aukera; izan ere, hurrengo astelehenetik aitzina 55 eurotara igoko da. Ostiral, larunbat eta igandeko eguneko sarrerak ere ordutik aitzina jarriko dira salgai.

EHZ festibalaren oinarrian auzolana eta laguntzailegoa izanik, aurtengo edizioa posible izateko 500 «galtzagorriren laguntza» baitezpadako izanen da. Laguntzaile gisa izen-emateko, ehz.eus ataria irekia da.