Aramendia, Lasa eta Etxeberria Nafarroako Itzulian

Guaixe 2019ko mai. 30a, 09:09

Atzo hasi zen Nafarroako Itzulia, Lizarran hasi eta Lodosan bukatutako etapan. Eneko Aramendia 63.a eta lehen nafarra izan zen, Josu Etxeberria 81.a eta Ailetz Lasa 93.a

Atzo hasi eta igandean despedituko da Nafarroako Itzulia. Bertan afizionatuen mailako 27 talde ariko dira, afizionatuen tropeleko onenak, Rural Kutxa-Seguros RGA talde sakandarra tartean. Atzo Lizarran hasi eta Lodosan bukatu zen Nafarroako Itzuliko lehen etapa, 139,7 km eta gero. 37 txirrindulariz osatutako tropela iritsi zen batera Lodosako helmugara, eta esprintean Lotto taldeko Arne Marit belgiarra gailendu zen, Laboral Kutxako Mikel Paredesen eta Rural Kutxako Oier Lazkanoren aurretik. Laboral Kutxako Eneko Aramendia iturmendiarra lehen nafarra izan zen, 63. postuan, 14 segundora sartu zen tropelaren barruan. Rural Kutxako Josu Etxeberria iturmendiarra 81.a sartu zen, taldetxo horretan, laugarren nafarra, eta Laboral Kutxako Ailetz Lasa ziordiarra 93.a, 5:08ra, probako bosgarren nafarra.

Aramendiak lehen nafarraren maillota jantzi zuen. ʺEtapa gogorra izan da, tentsio handikoa eta haizeak berebiziko garrantzia izan du, edozein momentutan hautsi ahal zelako tropela. Tentsio handia egon da. Ihesaldian soilik hiru txirrindulari zeuden, eta zegoen haizearekin ezinezkoa da eurendako helmugara aurrean iristea” aipatu zuen.

Nafarroako Itzulia ikusgarria izango da. Gaurko etapa Iruñean hasi eta Zangozan despedituko da (132,5 km). Etapa gorabeheratsua izango da, 2. eta 3. mailako zenbait portu gainditu beharko dituztelako.