Mikel Senar: “Andra Marik lehenengoz lortu du Nafarroako Lauko Sokatirako txapeldun izatea”

Guaixe 2019ko mai. 31a, 10:40

Kadeteen Nafarroako 4x4 Sokatira Txapelketako finala irabazi zuen larunbatean Andra Mari B taldeak Antsoain B taldearen kontra, final ikusgarrian

Larunbatean Nafarroako Kadeteen Lauko Sokatira Txapelketa irabazi zuen Andra Mari B taldeak Berriozarren, final lehiatu eta gogorrean Antsoain B taldeari 3 tiraldietatik 2 irabazita. Hirugarrena Berriozar A izan zen, laugarrena Antsoain A, bosgarrena Berriozar B, seigarrena Araxes eta zazpigarrena Andra Mari A.

Mikel Senar irakaslea da Andra Mari ikastolako taldeko sokatira arduraduna, baina sokatirako teknika Belen eta Nerea Lizarraga ahizpekin lantzen dituzte Andra Marikoek. Mikel Senarrekin bildu gara.

Nafarroako Herri Kirol Jokoetan aritu izan da Andra Mari ikastola apirila bitartean, eta jokoetan kadete mailako sokatiran aritu zirenak gero Nafarroako Kadeteen Lauko Sokatira txapelketan parte hartu dute ondoren.
Bai, hala da. Abenduan hasten gara ikastolan herri kirol taldeak sortzeko giroa prestatzen. Hitz egiten, antolamendua prestatzen, izena emateak jasotzen eta entrenamenduak antolatzen. Gabonetako oporretatik bueltan entrenatzen hasten gara. Hasieran konbinadako probak egiten ditugu Nafarroako Herri Kirol Jokoetan: koxkolak, korrika, zakua, trontza… eta sokatira, baina zortzikoa, zortzi kidez osatutako taldeetakoa. Bost asteburu iraun zuen txapelketak. LH5. mailatik DBH 4. mailara bitartekoak aritzen dira, eta DBHkoek, proba konbinadez gain, sokatira txapelketa dute, baina 8x8koa, hau da sokatira zortzi zortziren kontra. Aste Santua baino lehen despeditu zen proba, eta Sakanatik, Andra Mari ikastolako taldeak eta Iñigo Aritza ikastolakoak aritu ginen. Aste Santuko oporren ondoren hasten gara DBH 3. eta 4. mailakoekin sokatira lantzen, kadeteekin, ikastolako helduekin. Eta Nafarroako Lauko Sokatira Txapelketan parte hartu genuen, beste hiru asteburuz.

Nafarroako Kadeteen Lauko Sokatira Txapelketan primeran aritu zarete. Andra Mariko bi taldek, Araxesek, Berriozarko 2 taldek eta Antsoaingo beste bik parte hartu duzue.
Bai, hiru jardunaldi jokatu genituen: lehen jardunaldia Donezteben, bigarrena Antsoainen eta hirugarrena eta finala Berriozarren, larunbatean. Hirugarren jardunaldia jokatuta eta denborak batu ondoren, lehendabiziko bi taldeek finala jokatu genuen.

Andra Mari B taldea hasieratik aurrean kokatu zen baina hirugarren jardunaldian estu aritu zineten, Antsoain B gailendu baitzen.
Lehenengo 2 jardunaldietan Andra Mari B taldea aurretik aritu zen eta 3. jardunaldian, urduritasunagatik edo konfiantzagatik Antsoainek irabazi zuen. Guk bizpahiru tiraldi irabazita sailkatuta geundela bagenekien, eta uste dut horrek ikasleak lasaitu zituela, gehiegi lasaitu eta guzti, azkenean ederki sufritu genuelako. 3. jardunaldia Antsoainek irabazi zuen eta finalera gu eta Antsoain iritsi ginen. Finala baino lehen 6 aurkari izan dituzu, bi tiraldi egin dituzu bakoitzarekin, beraz 12 tiraldi berdinketarik ez badago, eta finalean aurreko neke hori nabaritzen duzu.

Finala zerotik hastea da, edozer gerta daiteke.
Bai, finalera iristerakoan beste txapelketa berri bat hasten da. Finala da, bi tiraldi dituzu, eta biak irabazten badituzu ongi, baina bat galduz gero, hirugarrena jokatu behar duzu. Akatsak garesti ordaintzen dira. Finaleko lehen tiraldia guk irabazi genuen, bigarrena Antsoaingoek irabazi ziguten eta hirugarren tiraldia jokatu behar izan genuen. Urduritasuna handia zen, are gehiago lurrera erori ginenean.

Beraz, berdinketa hausteko hirugarren tiraldi horretan lurrera…
Hasieran bertan, epaileak besoak jaitsi zituenean, atzelaria lurrera erori zen, eta atzelaria lurrera badoa, arazoak izaten dira. Eraman eraman gintuzten, dezente gainera, baina ez ziren iritsi markaraino, eskerrak. Garrantzitsuena da gai izan ginela altxatzeko, fundamentu pixka bat jarri eta, pixkanaka, arerioak gurera eramateko.

Hortaz, txapelaren garaipena oraindik ere gozoagoa izango zen, ez?
Behin bukatuta bai, ederki gozatu genuen, baina bukatu arte sufritu genuen; giroan ere urduritasun handia zegoen. Ez zegoen ezer ziurra, Antsoaingoek lan ederra egin zuten eta urduri egon ginen. Hori bai, bukaeran askoz ere gehiago gozatu genuen garaipena.

Ikusleendako ere polita izango zen halako finala; emozio gehiago.
Kadeteen mailaz gain, helduen txapelketak zeuden eta beraiek tiraldi mistoak zituzten. Helduetako batek esan zidan: ʺhau bai dela sokatira! Ez guk egiten duguna. Azkenean gurea aspergarria da, hain teknikoak gara, hau teknika besterik bihurtzen dela, baina hau da benetako sokatira, kadeteetan ikusi duguna”. Izan ere, kadeteen finalean amaitu zuten bat lurretik, bestea aurrera tiraka... tiraldi amaiera ikaragarria izan zen: bizirautea zen, ez sokatira. Gainera, Berriozarko pilotalekuan jende asko zegoen, denak animatzen, garrasika guztiak, hori bai, errespetu handiz, beti bezala. Herri kiroletan zerbait bada errespetua da, bai kideekin eta bai arerioekin ere. Eta oso ondo. Egia esan, oso esperientzia polita izan zen.
Esan beharra dago Andra Mari ikastolak lortu duen Lauko Nafarroako lehen txapela izan zela hau. Aurretik zortziko txapelak baditu, esaterako talde hau Nafarroako zortziko txapelduna da, baina lehen aldiz lortu du Andra Marik lauko txapeldun izatea.

Nortzuk dira tiratzaileak?
Andra Mari B taldean, Urtzi Galartza puntala da, lehenengoa. Gero Iraitz Petriati, Goiatz Mendinueta, Igaratz Reparaz eta Nerea Etxabarri daude, eta Unax Gabirondo atzelaria. Taldea seikoa da eta tiratzaileak txandatzen doaz. Eta gero, Andra Mari A taldekoak honakoak dira: Naroa Arretxe, Maialen Biain, Irantzu Aranguren, Oihan Arana, Saioa Lizarraga, Katrin Caro, Irantzu Lasa eta Peio Altzelai.

Aurtengo lanak despedituta Mikel?
Ez, oraindik ez dugu denboraldia bukatu. Sanferminetan Nafarroako Kadeteen Trontza Txapelketa jokatuko da, uztailaren 10ean, Foru plazan, eta Andra Mariko bi bikote aurkeztu dira. Bikoteak ez ditugu zehaztu baina Oinatz Carreño, Peio Altzelai, Urtzi Galartza eta Adur Lizarraga ariko dira.

Andra Mari ikastolak urte luzeak daramatza herri kiroletan lanean, Jexus Senar zure aitatik hasita, zuk lekukoa hartu eta gaur egunera arte.
Ilusioa badugu eta lanean jarraituko dugu. Andra Mari ikastolan herri kirolei pisua ematen diegu, garrantzitsuak dira. Gure kirolak dira, guk zaindu beharrekoak. Oso errotuta daude, eta urtetik urtera ikasle gehiagok hartzen du parte. Aita ibiltzen zenean 40-50 ikasle inguru mugitzen zituzten alde batera eta bestera eta aurtengo partaidetza 127 ikasleetakoa izan da. Hirukoiztu dugu marka. Ikasturtea hasi eta berehala ikasleak galdetzen hasten dira, ea noiz hasiko garen, askotan frenatu behar izaten ditut. Hor ikusten duzu beraien gogoa eta grina. Gelakideekin kirolean aritzea, hori baina gauza hobeagorik ez dakit aurkitu dezakegun.

Zorionak!
Eskerrik asko!