Ttap aldizkari digitalak Nafarroako edizioa mustu du

Guaixe 2019ko mai. 31a, 08:49
Osasunako kapitaina Ttapen Nafarroako edizioaren aurreneko zenbakiko azalean.

Agerkari digitalak Bizkairako eta Gipuzkoarako astero argitaratzen du 2018ko irailetik. Aste honetatik Nafarroako edizioa du Ttapek, Nafarroatik Nafarroarako egina, herrialdeko gertuko gaiak eta pertsonaiak landuko ditu hamabostean behin.

Lastailean argitaratutako ale esperimentalaren balorazio positiboa eginda, eta Nafarroako Gobernuaren laguntzari esker, Ttapen Nafarroako edizioa hamabostean behin kaleratuko da aste honetatik aurrera. Beste edizioetan bezala, bertako kolaboratzaile eta iritzi emaileek hartuko dute protagonismoa. Besteak beste, Anabel Arraiza, Angel Erro, Mikel Idoate, Santi Leone, Oskia Ugarte, Garazi Arrula eta Aingeru Epalzaren sinadurak izanen dira presente aldizkari digitalean.

Edizioaren koordinazioa Juan Kruz Lakastak eginen du. Kazetariak aldizkariaren balio sinbolikoa azpimarratu du: “posiblea eta egingarria da euskaratik eduki zein forma aldetik berritzaileak diren komunikabide berriak sortzea, eta Ttap da horren adibide ezin garbiagoa. Nafarroako euskaldunei ere eduki propio eta berritzaileak eskaintzea edizio nafar baten bidez aurrerapauso handia da, eta ilusio handiz egiten dugu”.

Nafarroako edizioa “primeran” estreinatzeko, Anabel Arraizak Osasunako kapitain Oier Sanjurjori egindako elkarrizketa argitaratuko du, ohikoak dituen hiru formatuetan: testuan, audioan zein bideoan. Gainera Oskia Ugarteren iritzi zutabea ere izango du, gehi hiru edizioetan komunak diren edukiak: liburu, disko eta film gomendioak, moda aholkuak, ilustrazio animatuak... Hori guztia 15 minutu inguruan irakurtzeko moduko formatuan, eta nahi izanez gero, edukia irakurri ez ezik, ikusi, entzun eta ukitzeko aukerarekin, bideo, audio eta grafiko interaktiboei esker.

Aldizkariaren zuzendariak, Monika Belastegik, pozik iragarri du albistea: “proiektu honi ekin genionean, ziurgabetasun handiz egin genuen, batez ere euskarria hain berria izanda ez genekielako publikoak nola hartuko zuen, baina denbora pasatu ahala, argi ikusten ari gara Ttapek baduela bere publikoa, eta gero eta zabalagoa dela gainera. Orain proiektua sendotzen eta hedatzen ikusteko aukera izatea oso albiste pozgarria da guretzat”.

Irakurri, ukitu, ikusi, entzun
Ttap aldizkaria %100 digitala da, eta gailu mugikorretatik kontsumitzeko pentsatuta dago. “Publiko urbanoari begira enfokatzen ari gara eta, batez ere, mugikorretik egin daitekeen kontsumo azkarrean pentsatzen”. Belastegik azaldu du helburua dela aldizkari osoa ordu laurden batean irakurri ahal izatea, “nahi duenari, hala ere, denbora gehiago pasatzeko aukera eskainiz, multimedia eduki aberastuaren bidez”. Izan ere, Ttap aldizkaria irakurri ez ezik, ukitu, ikusi eta entzun ere egin daiteke, eduki multimedia eta interaktiboa bere izaeraren ezaugarri nagusienak baitira.
 
Ttapek, dagoeneko, 34 zenbaki argitaratu ditu uztailean aurkeztu zenetik, eta publikoaren harrera bikaina izan dela azaldu dute arduradunek. Hala erakusten dute aplikazioak hala Google nola Appleren aplikazio dendetan jaso duen 4,5eko nota (puntuaziorik altuena 5ekoa delarik). Aldizkaria argitaratzen duen ADM enpresaren presidenteak, Jone Guenetxeak, esan du Ttapen helburu nagusienetakoa esperimentazioa dela, eta lan-taldea horretan ari dela etengabe: “formatuan, aldizkariaren tonuan, edukietan, ediziokako funtzionamenduan... askatasuna eman diogu geure buruari Ttapekin formula berriak probatzeko, eta asko ikasten ari gara bidean”.

Ttap aldizkari digitala Iruñerriko Euskalerria Irratia, Durangaldeko Anboto, Zumaiako Baleike, Debagoienako Goiena eta TOKIKOM toki komunikabideen bateragunearen ekimenez argitaratzen da, Bartzelonako Esguard aldizkariarekin elkarlanean. Aldizkaria %100 digitala da, eta Android zein iOS sistema eragilea duten gailuetatik eskuratu daiteke, doako Ttap aplikazioa deskargatuta.

Informazio gehiago hemen edo hemen. 
Aplikazioaren deskarga zuzena hemendik.