Bizikletaren aitzakian, egun ederra Iturmendin

Guaixe 2019ko mai. 31a, 11:46

Bizikleta buelta ederra egin ondoren, auzatea, ipuin ez sexisten txokoa, ipuin tailerra eta bizikleta konpontzeko tailerra izan ziren, besteak beste

Sakanako Mankomunitateko kirol, euskara, anitzartean kulturartekotasun eta berdintasuna zerbitzuek antolatuta, igandean Sakanako Bizikleta Ibilaldi Berezia izan zen Iturmendin. Lehenik eta behin 7 km-ko buelta ederra egin zuten bildutakoek Bakaiku, Iturmendi eta Urdiain artean, Barranka Txirrindularitza Taldekoak gidari zirela. Eta Iturmendira bueltan, auzate osasuntsuarekin indarrak berreskuratu zituzten partaideak. Tartean, Iturmendin bizi den Marokoko familia batek pasta bikainak prestatu zituen. Bildutakoen artean bizikleta materiala zozketatu zuten Muruzabalko Joxik eta Berribikeseko Joakinek.

Aukera ezberdinak zeuden ondoren: ipuin ez sexistak irakurtzeko txokoa, euskaraz ipuinak sortzeko txokoa eta bizikleta konpontzeko tailerra. Bitartean, Iruñeko Elkarri Laguntza elkarteko kideek bigarren eskuko kirol materiala eta arropak jaso zituzten, prekarietate gorrian bizi diren familiak laguntzeko.