Sakandarrak ikusgarri Zegama-Aizkorrin

Guaixe 2019ko eka. 3a, 11:57

Guztiek mendi maratoia despeditzea lortu zuten, meritu handiz: Beñat Katarain 23.a sailkatu zen, Jabi Gasanzek debut polita egin zuen, 206.a sailkatu baitzen, eta Josean Salgadok bere 18. Zegama-Aizkorri osatu zuen

Sakandarrak Zegama-Aizkorrin
1.Kilian Jornet    3:52:47
23.Beñat Katarain    4:24:46
64.Aritz Ganboa    4:49:21
70.Aritz Munarriz    4:51:32
142.Juanjo Goikoetxea5:19:25
171.Joxeja Maiza    5:31:07
206.Jabi Gasanz    5:49:13
379.Josean Salgado    7:41:15

Beroa izan zen aurtengo Zegama-Aizkorri lasterketako protagonista nagusietako bat. Gorputza ongi hidratatzea, hori izan zen korrikalarien buruhausteetako bat, 42,195 km eta 5.472 metroko desnibel positiboa duen mendi maratoiak dituen zailtasunekin batera. Eta beroaren eragina nabaritu zen, errekor berriak egitea galarazi baitzuen eta proba goitik behera baldintzatu zuelako. 500 partaideetatik 403k lortu zuten proba bukatzea.

Sarritan esaten da Zegama-Aizkorri bezalakorik ez dagoela, eta ez dakigu egia den hala ez, baina atzo irudi ikusgarriak utzi zituen probak, tartean Sancti Spiritun, Urbian, Aratzen eta Aizkorrin zeuden milaka eta milaka zaleen artean korrikalariak lanean ikustea, haien animoei segiz. Ikaragarria, beste behin, korrikalarien maila eta korrikalariak animatzera hurbildu zen jendetza.

Jorneten bederatzigarrena eta Dvergsdalen lehena
Lasterketari dagokionez, lehia oso polita eskaini zuen Zegama-Aizkorrik. Kilian Jornet munduko txapelduna zen proba irabazteko faborito nagusiena, eta kataluniarrak ez zuen huts egin: bere 9. Zegma-Aizkorri irabaztea lortu zuen, eta hunkituta zegoen (3:52:47). Gertu izan zuen Bartlomiej Przedwojewski, 2:39ra helmugan sartu zena, baina onartu beharra dago Jornetek gainontzeko faboritoak argi eta garbi menderatu zituela. Hirugarrena Thibaut Baronian izan zen, 3:33era. ʺBeroak lasterketa osoa gogortu du, eta hori dela eta, 42 kilometroak ondo kudeatu beharra zegoen. Oso azkar atera gara, eta une batzuetan duela bi urte ezarritako errekorraren partzialak txikitzen ari ginen. Aizkorrin lehena nintzen, eta amaiera arte ondo neurtu ditut indarrak” azaldu zuen Jornetek. Beroarengatik 2017an Stian Angermundek ezarritako marka (3:45:08) ezin izan zuen apurtu kataluniarrak, hori zen Zegama-Aizkorriko zaleen artean entzuten zena. Nolanahi ere, Jorneten mitoa oraindik ere gehiago hazi egin zen atzo.

Lehen euskalduna Euskal Selekzioko Ander Iñarra izan zen, helmugan 10.a (4:12:01). Lezokoak sorpresa eman zuen, ongi moldatu zen berora. Emakumezkoetan Eli Anne Dvergsdal norvegiarrak lehenengo aldiz hartu zuen parte Zegama-Aizkorrin eta sorpresa eman zuen, eta sekulako proba egin ondoren lehena iritsi zen helmugara, lehertuta (4:36:06). 11 minutu pasa atera zizkion Elisa Descori (4:47:30) eta hirugarrena sartu zen Amandine Ferratori (4:47:38).

Sakandarrak oso ongi
Aipatzekoa da sakandarrak ikusgarri aritu zirela. Proban parte hartu zuten zazpiek lortu zuten Zegama-Aizkorri mendi maratoia osatzea. Azkarrena Beñat Katarain izan zen. Zegaman bizi den lakuntzarra iaz 41.a sailkatu zen (4:32:31) eta aurten, aldiz, 23.a iritsi zen helmugara (4:24:46). Beraz, 8 minututan hobetu du bere denbora. Pozik sartu zen helmugara Euskal Selekzioko korrikalaria, ikurriña zeramala. Aritz Ganboa ere bikain ibili zen. 64.a sailkatu zen arruazuarra, (4:49:21). Pixkat beranduago, 70.a iritsi zen Aritz Munarriz etxarriarra (4:51:32). Juanjo Goikoetxea 142.a sartu zen (5:19:25) eta Joxeja Maiza etxarriarra 171.a (5:31:07).

Jabi Gasanz lehenengoz aritu zen Zegama-Aizkorri maratoian eta debut txukuna egin zuzen altsasuarrak. Arazoak izan zituen hanketan, beroaren eraginez urradurak eta babak atera zitzaizkion oinetan, eta hala ere proba bukatzea lortu zuen eta 206.a iritsi zen  helmugara (5:49:13, ikus Guaixeko 11 galderak). Eta zer esan Jose Antonio Salgadori buruz. Altsasuarrak bere 18. Zegama-Aizkorri osatzea lortu zuen, 59 urterekin (7:41:15). Zegama-Aizkorri guztiak egin dituzten korrikalari gutxien artean segitzen du Salgadok.

Aritz Ganboa: ʺIgandekoa latza izan zen, eta sakandarrak oso ongi ibili ginela uste dut”
Aritz Ganboak Beleixe irratian adierazi zuenez, ʺlasterketa hauetan miseria pixkat pasatzen da, eta igandekoa latza izan zen. Nahiz eta beroa egingo zuela aurreikusi, gure entrenamenduak ez ditugu baldintza horietan prestatu, bero horrekin. Beroaz gain, hezetasuna lurretik gora zihoan, haizeak jotzen zuenean ere izerdia lehortzen zuen, eta, azkenean, mineralak galtzen dituzu. Eta nahiz eta aurreikusi, ez dakizu gorputzak halako egoera batean nola erantzun behar dizun”.

Horregatik, egindakoari meritua ematen dio korrikalari arruazuarrak. ʺNire helburua zen dortsalaren denboretan sartzen jarraitzea, dortsala mantendu ahal izateko, iaz ezin bainuen lasterketa egin. Alde horretatik, helburua bete dut. Baldintza hobeak egongo balira, denbora hobea egitea zen beste asmoa, baina igandeko baldintzak ikusita kristoren lasterketa egin nuela uste dut, gero eta kontzienteago naiz” dio. Sakandarrak oso ongi ikusi zituen. ʺBeñatena estratosferikoa izan zen: kristoren lasterketa egin zuen, laugarren euskalduna izan zen. Orohar, uste dut sakandarrak oso ongi ibili ginela, nahiko paper ona egin genuen, zenbat jendek kale egin zuen kontutan hartuta” gaineratu du.

Arruazu eta Izaba mendiz korrika lotzeko duen ʺBideak” proiektuaren barruan, Zegama-Aizkorri oso ondo datorrela aipatu du Ganboak. ʺLesio batetik nator, eta ia 2 urte eman nituen lasterketetan lehiatu gabe. Horregatik, lehen helburua lasterketetan puntua hartzea zen. Horrela, Zegama-Aizkorri mugarri bat izan da, maratoi distantzia batean ea fisikoki ongi iritsi naitekeen ikusteko. Eta esan beharra daukat uste baino hobe noala nire prestakuntzan, era alde horretatik pozik nago. Hemendik aurrera beste entrenamendu espezifikoak egingo ditut, distantzia luzeetarako prestatzeko; beste erritmo batzuk izango dira.

Kilometro bertikala
Ostiral V. Zegama-Aizkorri Kilometro Bertikala jokatu zen, Arriaundi eta Iraule artean (3 km, 1.015 m desnibel +). Oriol Cardona kataluniarra (36:12) eta Ainhoa Sanz urretxuarra (42:20) izan ziren txapeldunak. Alatz Agirre arbizuarra 73.a sailkatu zen (48:46), Fidel Jimenez etxarriarra 116.a (53:43), Fran Araña arbizuarra 117.a (53:53), Jose Antonio Salgado altsasuarra 124.a (54:44) eta Sergio Goñi olaztiarra 176.a (1:10:33).