Lagun Artea preferente mailara igo da

Guaixe 2019ko eka. 3a, 14:14

Erregional mailako igoera fasea. 13. jardunaldia: Lagun Artea 5 – Lagunak 0 / Urroztarra 1 – Altsasu 1

Aurreko urtean preferente mailatik erregionalera jaitsi zen Lagun Artea, baina urte bat erregionalean egon eta gero, hurrengo denboraldian atzera ere preferente mailara igoko da, igoera fasea despeditzeko jardunaldi baten faltan beharrezkoak zituen puntuak lortu baititu. Beraz, hurrengo urtean bi talde sakandar izango ditugu preferente mailan: Etxarri Aranatz eta Lagun Artea. Altsasuk, aldiz, erregional mailan jarraituko du. Igoera faserako sailkatu ziren altsasuarrak, baina igoera faseko lehen hiru taldeak igoko dira preferentera, eta Altsasuk ez du postu horietan sailkatzerik izan.

Lagun Arteak dagoeneko preferentera igotzeko puntuak zituen Lagunak taldea hartu zuen atzo Zelai Berrin. Aldiz, preferentera igotzeko puntuak lortzea beharrezkoa zuen Lakuntzako taldeak, eta hasieratik erasoan hasi ziren txuriak. Partida hasi eta lehen ordu erdian hiru gol sartu zituen Yonathan Davilak. Baina Lagun Arteako jokalaria ez zen hat-tricka lortzearekin konformatu, eta beste bi gol sartu zituen. Horrela, Davilak sartutako 5 golei esker erraz gailendu zen Lagun Artea. Aipatzekoa da Xabai Burillo kapitainaren azken partida izan zela, lakuntzarrak futbola utziko baitu.

Bestalde, Urrotzen jokatu zuen Altsasuk. Bi taldeek ez zuten ezer jokoan, baina partida oso entretenigarria eskaini zuten. Cirizak Urroztarra aurreratu zuen, baina atsedenaldia eta gero Imanol Lobok berdintzea lortu zuen eta puntu berdinketarekin despeditu zen lehia.

Erregional mailako igoera fasean Ardoi B (27 puntu), Lagun Artea (26 puntu) eta Lagunak (24 puntu) dira lehendabiziko taldeak, eta hirurak preferente mailara igo dira. Altsasu 7.a da (12 puntu). Asteburuan igoera faseko azken jardunaldia jokatuko da, 14.a. Azkena den Amayaren kontra ariko da Lagun Artea, Iruñean, eta Altsasauk bosgarrena den Iruntxiki hartuko du Dantzalekun.