Nafarroako Itzulia Rural Kutxarendako

Guaixe 2019ko eka. 3a, 14:38

Talde sakandarreko Jefferson Cepeda ekuatoriarrak irabazi du afizionatuen Nafarroako Itzulia eta Rural Kutxa-Seguros RGA izan da talderik onena. Laboral Kutxako Eneko Aramendia bigarren nafarra izan da eta Rural Kutxako Josu Etxeberria hirugarrena

Atzo despeditu zen afizionatuen mailako Nafarroako Itzulia. Bertan, afizionatuen mailako talderik eta txirrindularirik onenak aritu dira, eta atzoko etapak erabaki zuen guztia. Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko Jefferson Cepeda ekkuatoriarrak helmugarako dozena bat kilometro falta zirenean erasoa jo zuen Lezaungo portuko igoeran, aldea ateratzen hasi zen eta Lizarrako helmugara bakarrik iritsi zen, garaipena lortzeaz gain sailkapen orokorrean lidergoa eskuratuz. Sailkapen orokorrean Lotto Soudal taldeko Kobe Goossensi 36 segundo eta Auteco taldeko Camilo Andres Castrori 46 segundo atera zizkion. Nafarroako Itzuliko sailkapen orokorra irabazteaz gain, taldekako txapelketan onena izan zen Rural Kutxa-Seguros RGA taldea.

Hiru sakandarrak txukun
Nafarroako Itzuliko hiru txirrindulari sakandarrak primeran ibili dira. Laboral Kutxako Eneko Aramendia iturmendiarra 28.a sailkatu zen sailkapen orokorrean, 19:22ra, eta probako bigarren nafarra izan zen, Lizarteko Carlos Ruizen atzetik. Bestalde, Rural Kutxako Josu Etxeberria iturmendiarra 34.a sailkatu zen, 23:59ra, eta lasterketako hirugarren nafarra izan da. Eta Laboral Kutxako Ailetz Lasa ziordiarra 55.a sailkatu zen sailkapen orokorrean, 48:47ra, eta probako bosgarren nafarra izan zen.