Juniorrak: Arrieta hirugarrena eta Mintegi zazpigarrena Idiazabalgo Sarian

Guaixe 2019ko eka. 5a, 12:12

Lehenik eta behin errepideko proba jokatu zuten, gero 30 lehen sailkatuek erlojupekoa, Igor Arrietak irabazitakoa, eta biak kontuan hartuta azkeneko sailkapenean Igor Arrieta 3.a izan zen, Iker Mintegi 7.a, Jon Gil 20.a eta Aitor Alberdi 25.a

Larunbatean juniorren mailako Idiazabalgo Saria jokatu zen. Lehenik eta behin 48,5 km-ko errepideko lasterketa jokatu zen. Ampo taldeko Enekoitz Azparren eta Ulma taldeko Ander Blazquez batera iritsi ziren helmugara eta Azparren gailendu zitzaion Blazquezi (1:19:52), eta Lintxu taldeko Raul Lopezek osatu zuen podiuma, 6 segundora sartu eta gero. Lehen 30 postuetan Sakana Group taldeko Igor Arrieta uharterra 4.a sartu zen, Burundako Quesos Albenizko Iker Mintegi 13.a, Lizarte-Ermitagañako Jon Gil 22.a eta Aitor Alberdi (Sakana G.) 27.a. Atzerago, Diego Gonzalo (Q. Albeniz) 35.a iritsi zen eta Mikel Lizasoain (Sakana Group) 37.a.

Horrela, lasterketako lehen 30 sailkatuek 4,6 km-ko erlojupekoa jokatu zuten segidan eta aipatzekoa da Igor Arrieta ikusgarri aritu zela. Uhartearra izan zen azkarrena (7:34) eta 11 segundo atera zizkion Ulma taldeko Unai Cuevari. Iker Mintegi 5.a sailkatu zen, 15 segundora, Aitor Alberdi 7.a, 19 segundora eta Jon Gil zortzigarrena, 23 segundora.

Hortaz, bi proben denborak batuz, Idiazabalgo Saria Lintxu taldeko Raul Lopezendako izan zen (1:27:44) eta Igor Arrieta hirugarrena sailkatu zen, 9 segundora. Iker Mintegik ere lan bikaina egin zuen eta 7.a sailkatu zen, 1:00ra, eta Jon Gil 20.a izan zen, 2:47ra. Bukatzeko, Aitor Alberdik 25. postua lortu zuen, 3:41era.