Ibarreko hiru proiekturen alde botoa emateko aukera

Guaixe 2019ko eka. 5a, 13:19

Dinabide eta Biak Bat elkarteko bi proiektu dira “gizarte erronka bati modu berritzailean, eraldatzailean eta auto-jasangarrian erantzuten diotenak”. Aurkeztutako 56 proiekturen artean hiru aukeratuko dituzte bihar.

Nafarroako gizarte berrikuntzaren aurreneko topaketa eginen da Iruñean bihar arratsaldean. Topaketa horretan gizarte bidezkoagoa eta jasangarriagoa lortzeko lan egiten duten enpresek, erakundeek eta pertsonek bat eginen dute. Nafarroako Gobernua da antolatzailea eta jardunaldiarekin gizarte berritzaileen lana goraipatu eta aitortu nahi dute.

Topaketak hiru proiekturen aitortza egiteko balioko du. Kondestable jauregian dauden parte-hartzaileek ibilbidea eginda duen eta hasi berrian den proiektuak aukeratuko dituzte. Hirugarrena www.economiasocialnavarra.com web bidez jasotako botoen bidez erabakiko da. Botoa emateko epea bihar, 16:00etan, bukatuko da. Guztira 56 proiektu aurkeztu dira eta horien artean hiru sakandar daude.

Sakanako hiruak
Biak Bat elkartearen Animaliek Lagundutako Esku-hartze proiektua 11 zenbakia du. Animalien eta funtzio-dibertsitatea edota gizarte-zailtasuna duten pertsonen arteko interakzioak onuragarriak dira. Elkarteak terapia, hezkuntza eta aisialdi arloetan aritzen dira animaliekin eta horretarako trebatzen dituzte. Biak Baten beste proiektu bat da 14.a, ezagutu nazazu, laguntza-txakurra naiz. Funtzio-dibertsitatea duten pertsona ugari lakuntza txakurrekin ibiltzen dira. Baina jendeak eta hainbat sektoretako langileek ez dakite laguntza txakurren erabiltzaileek dituzten eskubideak eta betebeharrak zein diren. Horregatik, Biak Bat elkarteak legearen berri emateko kanpaina eman nahi du.

Ibarreko azken proiektua Dinabide da (17 zenbakiduna), Sakanarako eraldaketa digitalerako gunea. 4.0 teknologietan oinarrituta kolaborazio proiektuen bidez gaituta eta trakzio lana eginen duen komunitatea sortu nahi du. Horretarako, 4.0 industriarekin lotura duten proiektu ekintzaileak eta negozio-lerro berriak sortzeko kolaborazio-gunea sortu da Irurtzunen, teknologiarako eta Sakanako enpresa sarera sarbidea izanen duena.