Jaten dugunari kasu egitea gero eta nabariagoa da, ikusi besterik ez dago eta ekologiko gehiago saltzen dela dendetan, eta azken aldian bertako produktuari garrantzi gehiago ematen hasi zaio. Egia esan behar badut nik duela urte batzuk egin nuen ekologikora salto, baina Geltokin nagoenetik ohartu naiz zeinen garrantzitsua den bertakoa jatea eta sasoikoa.
Geltokin hasi naizenetik produktuak nondik datozen jakiteak aberats egiten gaituela ikasi dut. Guk diogun bezala, gure produktuei izen abizenak jarri nahi dizkiegu. Jaten dudan azalorea, edo esnea edo eztia, zein herritatik datorren, edo ekoizlea zein den, bere produktua zein maitasunarekin ekoiztu duen jakiteak lasaitasuna eta poza ematen dit. Horregatik esaten dugu guk bezeroek ahora sartzen dutenarekin kultura sortu nahi dugula.
Geltokin bezala badira bertako produktuei gero eta kasu handiagoa egiten dieten jantoki gehiago, hala nola Katakrak, Baratza kafea…
Ondo jatea kultura da, aukeratzen ditugun produktuak aukeratzea kultura da, produktuaren jatorria jakitea kultura da, produktu hori ekoiztean lurra zaintzea kultura da, jendeak honen inguruan hausnartzea kultura da.
Ba al dago Euskal Herrian kultur jarduerarik janari on bat edo ardo kopa on bat hartu gabe antolatzerik? Jatea kultura da. Azken finean erabaki bat hartzen dugunean kultura da.