Musika eskoletako ikasturtea amaituta, emanaldien garaia

Guaixe 2019ko eka. 7a, 11:52
'Tradiziotik berrikuntzara' ikuskizuna izan zen aurreko ostiralean.

Gaur Altsasuko Dantza eta Musika Eskolako ikasleen 'Sorkuntza' ikuskizuna izanen da, 19:30ean, Iortian. Igandean, 12:30ean, hainbat eskoletako gitarra ikasleek emanaldia eginen dute Iortian. Eta igandean, 19:30ean, Musika plazan zikloaren azken emanaldia eskainiko du Etxarri Aranazko Musika Eskolak

Gaur, 19:30ean, Iortia kultur gunean, Sorkuntza ikuskizuna eginen dute Altsasuko Dantza eta Musika Eskolako ikasleek. Huntza, Ken Zazpi, Kherau, Hevia eta Alboka taldeen doinupean dantzatuko dute dantzariek, eta euskal musikaren adiera berriak erakutsiko dituzte. Aurreko astean eskolako dantzari txikiek Tradiziotik berrikutnzara ikuskizuna egin zuten.

Igandean, 12:30ean, Iortian, gitarra ikasleen emanaldia izanen da, eta Altsasuko eskolak ikasleekin batera, Etxarri Aranazko, Gasteizko Jesus Guridi eta Lakuntzako eskoletako gitarra ikasleak ariko dira.

Musika plazan
Etxarri Aranatzen maiatzeko eta garagarrileko igandetan 'Musika plazan' zikloa egiten dute. Country eta diziplina anitzetako emanaldia izan dira aurten, eta gospel kontzertua aurreikusita zegoen. Zikloaren azken emanaldia izanen da igandean eta, urtero bezala, Etxarri Aranazko Musika Eskolak eskainiko du kontzertua, 19:30ean, plazan.