Biak Bat elkartea boto eske

Guaixe 2019ko eka. 12a, 11:11
Biak BAt elkartekoak terapia txakurrekin Aita BArandiaran egoitzan. Artxiboa.

Altsasuko egoitzetako adinduekin Txakurrek Lagundutako Terapiak egiteko 5.000 euro lortzeko aukera dute baldin eta Cinfa enpresaren Contigo, 50 y mas egitasmoan aurreneko 50en artean gelditzen bada.

Cinfa enpresak 50 urte bete ditu eta horren kontura irabazi asmorik gabeko elkarteak laguntzeko ekimena martxan jarri du. Gaixoen edo haien senideen bizi kalitate fisikoa, burukoa edo emozioena hobetzen laguntzen aritzen diren 50 elkarte saritu nahi ditu enpresak. Bakoitzari 5.000 euro oparitu nahi dizkio. Enpresak elkarte eta erakundeek izena emateko epea zabaldu zuen eta hainbatek eman zuten, tartean Biak Bat elkarte altsasuarrak. Elkarte horien proiektuen aldeko botoa emateko epea astelehenean zabaldu zen eta irailaren 30ean despedituko da.

Biak Bat elkarteak Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoan eta Aita Barandiaran adinduen egoitzan    egiten duen Animaliekin Lagundutako Terapia proiektua aurkeztu du. Ezagutzaren narridura edota dementzia duten 30 bat adindurekin 30 astez saio bana egin nahi dute. Bi egoitzetara txakurrak eramaten dituzte ageriko ondorioak lortuz: motibazioa piztu, monotonia hautsi, interakzio eta estimulazioa sustatu, umorea hobetu… Izan ere, txakurrekin aritzen diren adinduak terapia horrekin arreta, memoria, orientazioa, hizkuntza eta beste lantzen dituzte, euren funtzioek ez dute okerrera egiten eta euren gizarte erlazioak eta emozio-ongizateak hobera egiten dute. Horregatik guztiagatik, Biak Bat elkartetik euren aldeko botoa emateko eskatu du.