Pentsio duinen alde kalean protestan segitzen dute

Guaixe 2019ko eka. 9a, 12:53
Bihar, atzera, ere pensio duinen aldeko kontzentrazioa eginen da Altsasuko udaletxe parean, 12:00etan.

Altsasuko udaletxe parean elkartzen dira astelehenero, 12:00etan. Gizarte Segurantzako diruarekin ogasunaren zuloa tapatu zela salatu dute.

Sakanako Pentsiodunen Koordinakundeak deituta 25 bat pertsonak parte hartu zuten kontzentrazioan. Egungo eta etorkizuneko pentsio duinen alde egin zuten beste behin ere. Bilkuran Toledoko Itunaren kontra egin zuten. Koordinadorako kideen iritziz, “bai patronalek bai bankuek urtero euren eskuetatik 140.000 milioi euro pasatzen ikusten dute. Kopuru horretatik ahalik eta gehien pribatizatzeko irrikitan daude eta pribatizatzeko diseinatutako tresna da Toledoko Ituna”.

Azaldu zutenez, “garai batean lanean aritutako pertsonen eta gaur egun ari direnen kotizazioak bai enpresak pagatzen duen zatia Gizarte Segurantzaren Diruzaintzak jasotzen du. Gizarte Segurantzak ez du aurrekontu-sabairik”. Eta gaineratu zuten Gizarte Segurantzak bere aurrekontu eta erakunde propioak dituela. Funtzionamendua argitu zuten: “lehenik, beharrezko diru kopuruaren kalkulu zehatza egiten dute, pentsioetan, prestazioetan, asistentzian eta abarretan ordaindu beharrekoa. Ondoren, gastu horiek betetzeko diru sarrerak zehazten dira, eta zuloa badago, Estatuko Aurrekontu Orokorren bidez ekarpena egin behar da”. Koordinakundetik azpimarratu zutenez, Gizarte Segurantzaren Legeak (192.2 artikuluak) dio ezin dela defizit egon.

Bilkuran zeudenendako horren guztiaren ondorioa argia da: “urteak daramatzate gezurra esaten: Estatua Gizarte Segurantzari maileguak ematen ari da. Ez da horrela izan behar! Ogasunak bere defizita Gizarte Segurantzaren zor gisa estaltzen du, legez nahita nahiezko diru ekarpenak izan behar dutenak maileguak direla esanez”. Estatuak urteetan Gizarte Zerbitzuen “eltzetxotik” urtetan hartutakoa gogora ekarri dute.

Azkenik, Gizarte Segurantzan diru sarrera gehiago izateko neurriak aldarrikatu dituzte, “egindako erreformetako batean ere ez baita gai hori ukitu. Eta proposatzen dena guztiz kontrakoa da, sarrerak murriztea, prekarietatea”. Horregatik, heldu den astelehen eguerdian kontzentrazioan parte hartzera deitu dute. Aldi berean, jakinarazi dute hilaren 17ko elkarretaratzea Aita Barandiaran adinduen egoitza parean eginen dutela, bertako langileen lan baldintzak hobetzeko eskatzeko eta, ondorioz, bertan dauden pertsonendako zerbitzua hobetzeko eskatzeko.