Sakanako Mankomunitateak bi turismo informatzaile presazko prozeduraz betetzeko deialdia egin du. Aralarren lan eginen dute kontratatuko dituzten bi pertsonek, hilaren akaberatik irail akabera bitartean. Bi langile horiek Mank-en eta Sakanako Garapen Agentziako turismo teknikariaren ardurapean turismo informazio gunea kudeatu beharko dute. Deialdiaren berri www.sakana-mank.eus web gunean dago.
Langile horien betebeharrak izanen dira, besteak beste: bisitariei harrera egin eta informazioa ematea; informazio eta datuen bilketa, eguneratze eta tratamendua; Aralar eremuaren erabilera publikoaren inguruko aholkularitza ematea; Aralarko, Sakanako eta Plazaola turismo partzuergoko zerbitzu eta turismoaren inguruko informazioa ematea; bisitarien kontrola (estatistikak, galdeketak eta oinarrizko datuen erregistroa); turismoari loturiko jardueretan turismo arduradunari laguntza ematea; bisita gidatuen jardueratan natur gunearen informazio eta zabalkundean arduradunari laguntza ematea eta bisitarien zenbaketa puntualak.