Sakanako zeruari begira

Guaixe 2019ko eka. 7a, 12:00

Sakana Parapente Eguna antolatu du Baiza Parapente Taldeak bihar, ekainaren 8an, Iturmendin. Goizeko 9:00etatik gaueko ordu txikiak arte, parapentean ibili, egunaz gozatu eta afaria eta kontzertuak antolatu dira

Sakanako Baiza Parapente Taldeak maiatzaren 40an Sakanako Parapente Eguna antolatzen du. Aurten larunbatean izanen da, ekainaren 8an, Iturmendin. Parapentelariak elkartu eta euren zaletasunaz gozatzea da helburua. Aspaldiko lagunekin elkartzea, mokadutxoa hartzea eta, jakina, behin eta berriz hegan egitea, hori da plana, eta eguna afariarekin eta kontzertuarekin borobiltzea. Larunbaterako eguraldi ona iragarri dutenez, partaidetza polita espero du Baiza Parapente Taldeak, izan ere, Euskal Herriko parapente topaketa ezagun eta baloratuen artean dago Sakanakoa.

Egun osoan hegan...
Goizeko 9:00etan hurbilduko dira parapentelariak Iturmendira, eta goizetik arratsaldera hegan egitea, hori da euren asmo nagusia. Aurretik izena emana izanen dute gehienek, baina egunean bertan ere izena emateko aukera izango da, Aitzaga elkartean. Baiza elkartetik adierazi digutenez, guztira 150 partaide inguru espero dituzte. Guztiek kamiseta jasoko dute opari, eta haize guneetara eramateko garraioa. Badirudi eguraldia lagun izango dutela, eta ipar haizea egiten badu Santa Marinatik eta hegoa egiten badu Aralartik hegaldi saio bikainak espero dira. Jakina, Santa Marinara edo Aralarrera, aireratze guneetara igoera gidatuak izanen dira goizeko 10:30etik aurrera, eta gune hauetara garraio etengabea, antolakuntzak jarritako furgonetei esker. Bitartean, eta egun guztian barna, Iturmendin zer jan eta edan egongo da eta parapente etxeek bere produktuak ikusgai eta salgai jarriko dituzte.

Kota Zero eta Patxuko taldeen kontzertua
Hegan egitearen sentsazioa lehenengoz probatu nahi dutenendako ere biplaza hegaldiak eskainiko dira. Inor hegan egin gabe ez geratzea, hori da helburua. Arratsaldeko zazpi eta erdietan Kota Zero taldearen kontzertua izanen da, eta ondoren afaltzera bilduko dira parapentelariak. Partaideen artean babesleek eskainitako opariak zozketatuko dira. Ondoren, festa borobiltzeko, Patxuko taldearekin kontzertua izanen da.