Burua, zurrumurruei aurre egiteko

Guaixe 2019ko eka. 11a, 09:07

Kanpainaren talde aurkezpena egin zuten.

Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuaren udako sentsibilizazio kanpainaren ardatza zurrumurruen aurrean argi ibiltzea da.

Sakanako herrietako festetan udaletxean maite dut aniztasuna, berdintasuna, errespetua eta diskriminazio eza dioen pankarta ikusi izan da. Eta hala segituko du aurten ere. Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak udan lantzen duen kanpainaren parte da. Anitzarteanek zurrumurruen kontra abiatutako estrategiarekin uztartuko da kanpaina aurten ere. Irurtzunen aurkeztu zuten bosgarren urtez eginen da udako kanpaina, Munduko Arrozak ekimenarekin batera larunbatean abiatuko baita.

Begoña Zestau Baraibar
Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuko teknikaria

Zergatik sentsibilizazio kanpaina bat udan?
Orokorrean jarrera baikorragoa izaten dugu, jasotzeko, hartzeko prestutasun gehiago izaten da, lasaiago akaso, festa giroa ere badago… Zerbitzuaren lau baloreak dira aniztasuna, berdintasuna, errespetua eta diskriminaziorik eza. Horiei jarraituz aurrerapauso bat eman nahi dugu. Herrietako festetako txupinazo garaian udaletxe barruan ahozapiak izanen dira, lelo bat dutenak: Ez irentsi zurrumurrurik. Pentsatu, ikusi, entzun edo irakurtzen duzuna egia den edo ez.

Bestetik, zurrumurruen kontrako erakusketa ibiltari bat egiten ari da. Herrietara eramanen da erakusketa, baina ezohiko tokitan jarri nahi da, kokapenagatik bakarrik arreta piztu dezan. Zurrumurruek sortzen duten kaltearen inguruan hausnarketara gonbidatzeko.

Azkenik, Sakanako liburutegietan sortu ditugun esku-orriak banatuko ditugu. Aurten zerbitzuan praktikak egin dituen Irati Ollakarizketak egindako zirriborroan oinarrituta egin da. Hari, eskerrik asko. Bi lelo zabalduko dira horrela: Zurrumurru jasari, baloreak aterki eta Ireki begiak, zurrumurruak ez dira egia.   

Zurrumurruak, zergatik begi-puntuan?
Zurrumurruek pertsonen arteko elkarbizitzan modu ezkorrean eragiten dutelako. Tamalez, gero eta gehiago aditzen direlako. Gero eta kalte gehiago eta min gehiago sortzen dutelako. Horren aurrean, gutxienez, izpiritu kritikoa bultzatu behar dugu. Askotan entzuten dena, ikusten dena, irakurtzen duguna, edo whatsapp bidez edo sare sozialetan jasotzen duguna ez delako egia. Nahiz eta egia bezala zabaldu. Horrek elkarbizitzari kalte egiten dio. Gu elkarbizitzaren alde gaude eta, nolabait, diskurtso baikorrak helarazi nahi ditugu. Hasteko, behinik-behin, hausnarketara gonbidatu eta phura piztu nahi dugu.

Erlazionatuak