Despeditu da erregional mailako denboraldia: Lagun Artea igo da eta Altsasu bidean geratu da

Guaixe 2019ko eka. 10a, 11:38

Erregional mailako igoera fasea. 14. jardunaldia. Amaya 3 – Lagun Artea 4 / Altsasu 0 – Iruntxiki 1

Asteburuan erregional mailako igoera faseko 14. jardunaldia jokatu zen, azkena. Ez zegoen ezer jokoan, aurreko jardunaldian zehaztu baitziren preferentera igoko diren taldeak, baina azkeneko partidan itxura ona eman nahi izan zuten taldeek.

Iruñean jokatu zuen Lakuntzako Lagun Arteak, Amayaren kontra. Bi taldeek lehia ederra eskaini zuten eta futbol ederraz gozatzeko aukera egon zen Amayan. Gol aukera ederrak sortu zituzten bi taldeek. Lagun aurreratu zen, Nabilek sartutako golarekin, baina berdintzea lortu zuen Amayak. Unaik eta Yonathanek 1 eta 3 aurreratu zuten Lagun, eta nahiz eta Amayak gola sartu eta 2 eta 4 gerturatu, Lagun Arteak ongi erantzun zuen eta laugarren gola sartu zuen Unaik. Amayak hirugarren gola sartzea lortu zuen baina markagailua ez zen mugitu eta Lagunek hiru puntuak lortu zituen.

Altsasuk, aldiz, etxean despeditu zuen denboraldia, Dantzalekun. Beriaingo Iruntxiki taldea hartu zuten altsasuarrek. Iruntxiki falta zuzen bati esker aurreratu zen, eta nahiz eta Altsasuk dominatu eta gol aukerak sortu, baloia ez zen kontrako atean sartu eta punturik gabe despeditu zuten denboraldia altsasuarrek.

Erregional mailako igoera fasean, Ardoi, Lagun Artea eta Lagunak izan dira lehen sailkatutako taldeak eta preferente mailara igo direnak. Altsasu zazpigarrena sailkatu da, 12 punturekin.