Altsasu institutukoak “askatasunaren botilak” ekimenean parte hartzen ari dira

Guaixe 2019ko eka. 11a, 15:14

Atzo eta gaur Ezkabako espetxea zena eta Urepele lotzen dituen GR-225 bidea eginen dute, kartzelako ihesaldia gogoratzen duen ibilbidea hain zuzen.

1938ko maiatzaren 22an Ezkabako kartzelatik ihes egindako presoen pausoak segitzen ari dira  Nafarroako zazpi ikastetxeetako 400 ikasle. Atzo Iruñea, Zizur eta Altsasu institutuetako 260 ikaslek GR-225 ibilbidearen lehen zatia egin zuten, Ezkabatik Olabeko hobiraino. Ibiltzen hasi aurretik kartzela hartatik ihes egindako bi presoren senideek euren lekukotza eman zieten ikasleei. Ondoren ikasleek askatasun botiletan kartzela hartan preso egondakoek idatzitako lekukotzak, argazkiak eta paretetan idatzitakoen erreprodukzioak askatasun botiletan sartu zituzten.

Koldo Plak Ezkaba gaineko gotorlekuaren eta presoen ihesaldiaren testu ingurua azaldu zien. Behin bidean, ikasleek Orrio herrian bost urterekin ihesaldiaren lekuko izan zen emakumezko baten azalpenak entzun zituzten. Etapa Olaben bukatu zuten. Hango hobian 16 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu zituzten 2016an. Eta han bertan omenaldia egin zuten. Ana Ollo Herritar eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariak ikasleei eskerrak eman zizkien “memoria etorkizuneko gaia posible egiteagatik. Zuen lanari esker gertakari horiek ez ahaztea lortuko dugu baina, batez ere, inoiz ez daitezela errepikatu”.

Nafarroako Memoria Institutuaren Memoriadun Eskolak programaren barruan antolatutako “askatasunaren botilak” ekimenaren bigarren edizioa da. Gaur beste lau ikastetxetako 140 ikaslek Sorogain eta Urepel artean ibiliko dira.