Martxel Etxeberriaren bikoa

Guaixe 2019ko eka. 11a, 13:55

Sakana Group-Aralar taldeko txirrindulari iturmendiarrak larunbatean kadeteen Arronizko lasterketa irabazi zuen eta igandean Irungo lasterketa irabazi zuen eta Euskadiko Kadete txapelduna da

Orain arte bere anaiaren, Josu Etxeberriaren itzalean zegoen Martxel Etxeberria txirrindulari iturmendiarra. Josuk emaitza bikainak lortu zituen juniorrera bitartean, baina saltoa eman eta afizionatuetan debutatu du, Rural Kutxa-Seguros RGA talde sakandarrean. Eta, gutxika, anaia gaztea burua jasotzen ari da. Kadeteen mailan dabil Martxel Etxeberria, Sakana Group-Aralar taldean, eta orain arte hirugarren eta bigarren postu batzuk egin ditu. Baina asteburuan gora egin zuen gazteak, eta nola. Larunbatean kadeteen XXIII. Borja Oses Memoriala irabazi zuen Arronizen, helmugara bakarrik iritsita, eta hurrengo egunean, Irunen jokatutako Kadeteen Euskadiko Txapelketan podiumaren gorenera igo zen Martxel. Asteburu batean biko ederra lortu du.

Larunbateko Arronizko lasterketa (57 km) nahasia izan zen. Azkenean, erasoa jo zuen Martxel Etxeberriak eta bakarrik iritsi zen helmugara. 2 segundora El Volante jatetxea taldeko Xabier Zabala sartu zen eta 7 segundora Gama-Scaniako Aimar Berango. Hugo Azkar (Q. Albeniz) 6.a iritsi zen, Jon Erdozia (Sakana G.) 7.a, Mikel Uncilla (Q.Albeniz) 8.a, Sergio Lopez (Q. Albeniz) 12.a eta Jon Chamorro (Q. Albeniz) 25.a. Jon Chamorrok tartekako helmugen saria irabazi zuen eta taldekako sailkapenean Burunda klubeko Quesos Albeniz txapeldunordea izan zen. Arronizko lasterketa Nafar Kirol Jolasetarako baliagarria zen eta proba irabazteaz gain, txapelketan lider jarri zen Martxel Etxeberria.

Sakandarrak bikain Euskadiko Kadeteen Txapelketan
Hurrengo egunean kadeteen Euskadiko Txapelketa jokatu zen Irunen. Bigarren urteko kadeteen proban (68,4 km) estrategia bikain atera zitzaion Martxel Etxeberriari eta, bezperan bezala, bakar bakarrik iritsi zen Irungo helmugara (1:53:43). 8 segundo atera zizkion Limousin taldeko Unai Zubeldiari. Hugo Aznar 19.a sailkatu zen eta Jon Erdozia 23.a. Proba irabazteaz gain, tartekako helmugen saria irabazi zuen Martxel Etxeberriak eta Euskadiko 2. urteko kadeteen txapelduna da.

Lehen urteko kadeteen lasterketari dagokionez (45,6 km), Augar taldeko Beñat Garaiarrek irabazi zuen proba, Rural Kutxako Markel Galparsorori segundo bat eta Burundako Quesos Albeniz taldeko Mikel Uncillari 3 segundo aterata. Aimar Tadeo (Sakana G.) 6.a sailkatu zen eta Alex Lopetegi (Sakana G.) 33.a.