Ez dakit zer gertatuko den larunbatean, ekainaren 15ean, herri askotako udal gobernuetan. Idatzi hau argitaratu orduko jakinen dugu zein motatako Naparru izanen dugun datozen lau urteetan. Antza, lehenbizi udalak eratu nahi dituzte eta ondoren jarraituko dituzte negoziazioak. Zein izango da gobernabidea? Zein ate irekiko ditu Nafarroako Gobernu berriaren giltzaren jabeak? Agian, berriz aurreko iluntasuna eroriko zaigu gainera, gizartearen hainbat arloen kalterako.
Azken egunetan darabilgun hitz dantza egundokoa da, glosario bat egiteko modukoa. Has gaitezen pilatzen. Inbestidura, marra gorria, akordioak, aurre-akordioak, itunak, aliantzak, babesak, aldeko eta kontrako botoak, abstentzioa bai-ez, negoziazioa bai-ez, hautagaitzak, aulkiak, taldeen arteko bilerak, boto-emaile kopurua, baztertzeak, “Ferraz”, Madrilgo erabakiak, gehiengo osoak, hautetsiak, lehen indarrak, gobernu osaketak, eskuinak, ezkerrak, gobernu konstituzionalista, indar subiranistak, indar aurrerakoiak, gehiengo plurala eta abar amaiezinak azken hilabete eskas honetan esandakoa laburbiltzeko. Hitz horiekin guztiekin, segur aski, bertsolariek “seguidilla” egiteko aukera aparta izan dezakete.
Baina ba al dakigu zer den politika? Ezezkoan nago. Sarean zertxobait arakatuz gero, lehenengo bilaketa-emaitzek hauteskunde eta joko parlamentarioarekin, alderdi politiko eta antzeko terminoekin erlazionaturik dagoela azaltzen dute. Kaleko jende arruntontzat ere antzeko parezido. Baina zertxobait gehiago arakatzen segitzen bada, erantzun oso desberdinak jaso ditzakegu. Esaterako: Politika, biolentziaren erabileraren bidez, pertsonek, herriek eta estatuek boterearen ardatz hierarkikoarekiko duten posizio asimetrikoa zehazten duten erlazioak mantentzea edo aldatzea xedetzat duen jarduera da. Horregatik, politikaz ari bagara, laguna-etsaia dialektikarekin egiten dugu topo ezinbestean.
Horren haritik antzeko zerbait esan zuen Jean-Michel Aphatiek: "Boterearen etengabeko konkista da politika". Hori garbi ikusi dugu herritarrek pittekan-pittekan hautestontzietan sartutako bozken lehian dabiltzan honetan, nork konkistatuko zain.
Gauzak horrela, lehendik politikaz gutxi banekien ere, orain tutik ez dakidala uste dut eta ulertu bapez (bizkaitarren moduan)! Edo, agian, aritmetikarekin eta bizpahiru formulekin nahikoa izango nuke politikaren mapak edo “gazta pusken Nafarroa” ulertzeko?