Afizionatuak: Aramendia Loinazko podiumean

Guaixe 2019ko eka. 12a, 13:10

Besaingo Loinaz proba ezagunean hirugarrena izan zen Goierriko TB-Laboral Kutxa taldeko iturmendiarra eta bere taldea probako onena izan zen. Rural Kutxako Josu Etxeberria bosgarrena sailkatu zen

Gutxika podiumetara heltzen ari dira afizionatuen mailako txirrindulari sakandarrak. Larunbatean LXIX. Loinaz proba ezaguna jokatu zen Beasainen (124,9 km), 23 urtez azpiko Lehendakari Txapelketarako baliagarria, eta afizionatuen tropeletik onena bildu zen bertan. Gorabehera asko izandako lasterketan, azkenean bi txirrindulari iritsi ziren helmugara eta esprintean Baque taldeko Oier Ibarguren gailendu zen (3:06:25), Goierriko TB-Laboral Kutxako Iker Ballarinen aurretik. 4 segundora boskote bat sartu zen, Goierriko TB-Laboral Kutxako Eneko Aramendia iturmendiarra buru zela, helmugan hirugarrena. Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko Josu Etxeberria iturmendiarra bosgarren postuan gurutzatu zuen helmuga. Atzerago, 32. postuan sartu zen Goierriko TB-Laboral Kutxako Ailetz Lasa ziordiarra, 3:45ra.

Aramendia bitan igo zen podiumera, hirugarrena sailkatzeaz gain, bere taldea, Goierriko TB-Laboral Kutxa, etapako talderik onena izan zelako. Han Ailetz Lasaren laguntza izan zuen.