Sakanako zerua kolorez bete zen

Guaixe 2019ko eka. 13a, 18:35

Baiza Parapente Taldeak larunbatean Iturmendin antolatutako Sakanako Parapente Eguna arrakastatsua izan zen. Santa Marinatik makina bat hegaldi egin ziren egun guztian barna eta arratsaldetik aurrera kontzertuak, afaria eta giro polita egon zen

Parapentelariak elkarren artean bildu eta euren zaletasunaz gozatzea, hegan egitea, hori izan zen larunbatean goiz goizetik Iturmendin bildu zirenen asmoa. Furgoneta asko ikus zitekeen aparkatuta, izan ere topaketak parte-hartze handia izan zuen, 150 lagunetik gorakoa.

Aurten Baiza Parapente Taldeak antolatutako festarekin bat egin zuen eguraldiak eta eguzkiaren eta aldeko haizearen laguntzaz, goiz goizetik Santa Marinako bidea hartu zuten ekimenean parte hartu zuten parapentista, paramotero eta lagunak, bertako haize gunetik abiatu eta hegan egiteko. Nahi zutenak oinez igo ziren, igoera gidatuan, baina gehienak antolakuntzak egun guztian barna jarritako garraio eta furgonetei esker igo ziren gora, han parapenteak prestatu eta, haizea lagun, Sakanatik hegaldi bikainak egiteko. Eta biplazei esker, hegan egitearen sentsazioa lehenengoz probatu nahi zutenek hegan egiteko aukera izan zuten. Horrela, kolorez bete zen gure zerua.

Bitartean, Iturmendin mokadutxoa hartzeko aukera izan zuten guztiek. Aspaldiko lagunen topaleku izan zen Burundako herria, eta parpentista eta paramoteroek behin eta berriz Santa Marinara igo eta hegaldi ederrak egiteko aukera izan zuten. Zerua garbi-garbi, Sakanako paisai bikainekin gozatu ederra hartuko zuten. Bitartean, goizetik hasita parapente munduari lotutako material saltzaileek euren postuak jarri zituzten Iturmendin, eta mundu honetan murgiltzeko argibideak eman zituzten. Arratsaldean, hegaldiak eten eta Iturmendin bildu ziren zale guztiak, Kota Zero taldearen kontzertua entzuteko. Segidan afaltzera bildu ziren eta babesleek eskainitako opari ederrak zozketatu zituzten. Eta festa borobiltzeko, Patxuko taldearen kontzertuarekin festa ordu txikiak arte luzatu zen.

Plazer bat
Baiza Parapente Taldeak egunaren balorazio oso ona egin du. ʺBaiza taldetik eskerrak eman nahi dizkiogu Sakana Parapente Egunera etorri ziren guztioi: material saltzaile, laguntzaile, parapentista eta paramoteroei. Eskerrak ere penintsulako toki ezberdinetik gerturatu ziren guztiei. Plazer bat izan zen, eta espero dugu hurrengo urtean ere gurekin egotea” diote.

Hurrena: Euskal Herriko II. Oinez & Hegan Txapelketa, Arbizun
Baiza Parapente Taldeak Euskal Herriko II. Oinez & Hegan Txapelketa antolatu du ekainaren 29an, San Pedro egunean. Arbizu ekokanpinetik aterako dira parapentelariak, parapentea gainean dutela, mendira igo eta bertatik hegaldiak egiteko.