UEUko Udako Ikastaroen matrikula zabalik dago

Guaixe 2019ko eka. 17a, 11:12
Jendea Irurtzungo plazan.

Ikastaroak egiten dituztenek Sakanako Mankomunitatearen diru-laguntza jaso dezakete.

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) 47. urtez Udako Ikastaroak antolatu ditu. UEUren eskaintza
30 ikastarok eta 6 jardunaldik osatzen dute, Baionan, Bilbon, Eibarren, Donostian, Arizkunen, Tolosan eta Iruñean eginen direnak. Udako Ikastaroen eskaintzaren berri www.ueu.eus web orrian jaso daiteke. Ikastaroa hasi aurreko astera arte dago izena emateko epea zabalik.  

UEUk antolatutako ikastaroetakoren batean parte hartzen dutenek Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuaren diru-laguntza jasotzeko aukera dute. Matrikulari dagokiona, beti ere, ez egoitza eta kilometrajea. Mank-ek guztira 500 euroko diru-poltsa du izena eman dutenen artean banatzeko. Horretarako, eskabideak azaroaren 29a baino lehen egin beharko dira. UEUkoak bezala, euskarazko ikastaro teknikoak eta hizkuntza minorizatuei buruz egin dituztenendako ere badira diru-laguntza horiek.