Bakarrik dauden adingabe atzerritarrak Sakanan

Lasterka, etorritako adingabeei erantzun azkarra emateko

Alfredo Alvaro Igoa 2019ko eka. 17a, 18:56

Mikel Gurbindo Marin. Argazkia: NUP.

Giza eskubideen araudiei jarraikiz, azken aldian kopuruan gora egin duen bakarrik dauden adingabe atzerritarren egoerari erantzuteko baliabideak sortzen ari da Nafarroako Gobernua. Horregatik, behin behinean izan ziren Sakanan, eta egonen dira

Jarduneko Nafarroako Gobernuak Eskubide Sozialetako Departamentuaren haurrak babesteko garatutako dekretu bat onartu zuen asteazkenean. Ezohiko neurri horren bidez, departamentuak  bakarrik dauden adingabe atzerritarren etorrera handiagoari erantzun nahi dio. Nafarroako Gobernuaren lege betebeharra da hori, hala jasotzen baita 1989ko Haurren Eskubideen Adierazpenean, nahiz haurrak babesteko Estatuko eta nazioarteko araudi espezifikoetan ere.

Nafarroako Gobernuko Haurren eta Familiaren Zuzendariordea da Mikel Gurmindo Marin. Bera arduratzen da bakarrik dauden atzerriko adingabeen egoeraz. Azaldu digunez, orain arte 173 adingaberi eman diete arreta, “programa antolatu bati jarraituz baliabide-sare batean banatuta daude”. Erantzun azkarra emateko lanean ari direla azaldu digu, beti ere, adingabeen arreta eta laguntza integrala bermatzeko eta erabateko gizarteratzea eta laneratzea lortu asmoz. Emaitza onak lortzen ari direla ziurtatu digu.

Sistema egokitu beharra
Zuzendari-ordeak aitortu digunez, “bakarrik dauden atzerriko adingabeen etorrera nahikoa aurreikusi gabea izan da, batez ere, bolumenari eta fluxuen intentsitateari dagokionez (urte hasieran 40-50 zeuden, apirilean eta maiatzean 79 iritsi ziren). Horrek orain arte haurrak babesteko genuen esku-hartze sistema birpentsatzea ekarri digu. Haurrak babesteko esku-hartu ohi dugu tratu txar fisikoa, abusua, eskean aritzera behartzea, abandonua edo gurasoen ajolagabekeria handia dagoenean. Halakoak jakinarazten digutenean esku hartzen dugu, eta larritasunaren arabera baliabide bat edo beste erabiltzen dugu”.

Bakarrik dauden atzerriko adingabeen kasuan, gurasorik eta senide den pertsona heldurik ez dute ondoan. Legeak dioenez, halako kasuetan administrazio publikoa da haur edo gazte horietaz arduratu behar dena. Beraz, Nafarroako Gobernuak haien babesgabetasuna deklaratu eta tutoretza hartzen du, haien behar guztiak bermatzeko: etxebizitza, elikadura, arropa, hezkuntza, integrazio prozesu normalak… Oinarrizko beharren estaldura hori guztia eskaini behar du. “Orain arte genuen sistema ongi izatea 15 urte kostatu zaigu, orain bat sei hilabetetan sortzen ari gara baliabide-sare espezifikoa”.

Babeserako sistema normala kasu horietarako egokiena ez zela ikusten zuten, profil desberdinak direlako: “haien egoera ez da gurasoek eraginda, baizik eta migrazio proiektuaren ondorio. Gaitasun handiak dituzten gazteak dira. Batzuk familiak aukeratu ditu harrera herrietan bizitzeko aukera berriak opatzeko bidea irekitzeko. Horregatik ohiko babes sistemaz aparteko baliabideak erabili behar dira”. Salbuespena 15 urtetik beherako adingabeak dira, horien artatzea ohiko sistemaren bidez bideratzen du Nafarroako Gobernuak, “gainontzekoei eska diezaiekegun autonomia maila ezin zaie horiei eskatu”. Gurbindok laburbildu duenez, “gero eta gehiago etorri dira eta horrek behartu gaitu korrika eta presaka baliabide sistema bat eratzea”.  

Ibilbidearen hasiera
Bakarrik dauden atzerriko adingabeek normalean Foruzaingora jotzen dute euren egoeraren berri emanez eta Nafarroako Gobernuaren babesa eskatuz. Aurreneko harrera Iruñeko Argarain egiten zaie. Handik zentro batera eramaten dituzte eta lehen balorazio elkarrizketa egiten zaie. Han bizpahiru egun egon ondoren, ahalmen handiagoa duten aurreneko harrerako baliabide batzuetara bideratzen dituzte adingabeak.

Gurbindok azaldu digunez, “azken baliabide horiek orain sortzen ari gara. Nafarroan erreferentziazko hiru edo lau polo izateko espazio egokien bila ari gara. Bat segur aski Sakanan izanen da, bestea Tafalla edo Lizarraldeko merinaldean, hirugarrena Tuteran eta azkena Iruñerrian”. Zergatiaz galdetuta, zera esan digu: “adingabe horiendako arreta deszentralizatzeko. Ez dugu toki batean atzerriko adingabeen poltsa handi bat sortu nahi; horrela populazioaren kontrako erreakzioa saihestu nahi dugu”.

Argitu digunez, lau gune horiek 20 edo 30 adingabe hartuko lituzkete. “Han haiekin lan bizia egiten da hiruzpalau hilabetez, batetik, alfabetizazioan, gaztelania ikasteko. Eta, bestetik, balorazio psikosozial sakona egiten da. Hau da, adingabearen profila, haien itxaropenak eta ahalik eta azkarren eta hobekien integratzeko bidea zein izanen litzatekeen zehazteko”. Gurbindok argitu digunez, horretarako, Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean ari dira, bai alfabetizaziorako, bai profilari egokitutako Lanbide Heziketako ikasketetara sartzeko. “Gainera, Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin haien enplegurako prestakuntza programa adingabe horien ezaugarrietara egokitzen ari gara”. Azkenik, Iruñerriko Sei elkartearekin aisialdiko akonpainamendurako programa pilotua dugu.

Iritsitako hainbat ikaslek ikasketak dituzte. “Horiek baliozkotzea herrialde bakoitzarekin dauden hitzarmenen araberakoa da. Euren adinerako hemen eskatzen den mailaren azpitik daude. Baina, bai, badira parekatu daitezkeen ikasketa mailak dituztenak. Hezkuntza Departamentuarekin aztertzen ari gara hori guztia”. Dena dela, 16 urtetik beherakoek ohiko hezkuntza ibilbidea egiten dute. Eta hemengoen mailarik ez dutenendako aniztasunari arreta egiteko bidea hartzen dute. “Beti ere, kasuaren arabera”.


Bitarteko baliabideak
Adingabearen arabera, aurreneko arretako zentroetan bizpahiru hilabete pasa ondoren, bitarteko baliabideetara pasatzen dira, iraupen luzekoak dira. “Lauzpabost adingabe pisu batera joaten dira. Ondoan hezkuntza lantalde bat dute, baina harena ez da hain esku-hartze zuzena izaten, egunero bai, baina lantaldearen egitekoa periferikoa da. Hezitzaileek hezkuntza, prestakuntza, enplegu edo edozein arloetan akonpainamendua egiten dute”. Zer gerta ere, gauez lantaldeko kideren bat erne izaten da.

18 urte betetzen dutenendako autonomia programak daude. “Komunitatean, hau da, aisialdian, elkarteetan, kirol taldeetan edo halakoetan integratzeko akonpainamendu zati bat du eta, bestetik, oinarrizkoena bermatzeko diru-laguntza du: etxebizitza, elikadura, arropa eta esku-dirua izateko. Horretarako, bermatutako errenta dago”.

Gurbindok argitu nahi izan du autonomia programara iristeko aurreko programetan zazpi edo zortzi hilabetez egon behar izan dutela denek. “Adingabe batzuk 17 urte eta erdirekin iristen dira. Autonomia programara pasatzeko denbora tarte hori eskatzen dugu, gutxieneko bermeekin iristen direla ziurtatzeko. Autonomia programan 19 edo 20 urte egin arte egonen dira. 18 urte betetzean ez ditugu bazterrean uzten”. Zuzendari-ordeak jakinarazi digunez, ehun pasa adingabe dagoeneko pisuetan daude.

Ibilbidea hasi eta autonomia programara iritsi bitartean Nafarroako Gobernuak Barne Ministerioko Atzerritartasun Bulegoarekin administrazio erregulazio prozesua egiten du. “Pasaportearekin etortzen badira aurreneko bi hilabeteetan erregularizatzea lortzen da. Ez badute, luzeagoa da. Jaiotza-agiria lortu beharra dugu, pasaportea lortu ahal izateko. Pasaportea izanda erregularizazio prozesua hasiko eta lan baimena lortuko litzateke”.

Egoitzak
Altsasun egondako adingabeak Nafarroako Gobernuaren beste aterpe batean daude gaur egun, baina  Gurbindok esan digunez, hilabete honetan behin betiko toki batera eraman nahi dituzte. Gurbindok aitortu digunez, “hori guztia lasterkan egiten ari gara. Apirilean eta maiatzean 79 etorri ziren. Kopuru horiekin sistemari ez dio betarik ematen iristen diren heinean baliabideak sortzeko. Baliabide nagusiak direnak birkokatzen ahalegintzen ari gara, aterpeetara jo behar ez izateko, nahi dugun moduan lan egiteko tokiak ez direlako”. Behin behinekotasun egoera horregatik, adingabeak Altsasuko aterpean bi txandatan eta Sakanako beste ostatu batean beste behin egon ziren.

Bakarrik dauden adingabe atzerritarren arretaren ardura, kontrola eta ikuskapena Nafarroako Gobernuarena da, baina programaren kudeaketa irabazi asmorik gabeko erakundeek egiten dute. Haurtzaroa babesteko programen ardura dute erakundeak ari dira adingabeekin ere.   

Hurrengo pausoak
Gurbindok jakinarazi digunez, ibarreko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako hiru mankomunitateetako ordezkariekin heldu den astean elkartuko dira. “Ikuspegi teknikotik arreta eredua zein den azaldu, nola gauden, zein baliabide ditugun, zein behar izanen ditugun eta Lehen Arretaren arloa zein inplikazio izanen dituen azaltzeko”. Paraleloki, bakarrik dauden adingabe atzerritarrak Nafarroan integratzeko mahai sektoriala deitu dute hilaren akaberarako. “Gutaz aparte, Osasuna, Hezkuntza eta Gizarte Zerbitzuen Departamentuak, Kirol eta Gazteria Zuzendaritza, Atzerritartasun Bulegoa, Fiskaltza eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa presente egotea nahi genuke. Honetan guztian busti eta koordinatu behar duten guztiak”.   

Nafarroako Gobernutik Barne Ministerioari ere eskaera egina diote: erkidegoen artean bakarrik dauden adingabe atzerritarren banaketa orekatua egitea. Horretarako, errenta, lurraldea edota populazioa kontuan hartzea eskatu du. Horrek erkidego bakoitzean halako zenbat adingabe egon beharko lukeen zehaztuko luke. “Ezin dugu ziurgabetasun honekin segitu. Orain 170 ditugu eta ez dakigu zenbat izanen ditugun abenduan. Adingabeek hartzen dute migratzeko erabakia eta etorrera ezin da aurreikusi. Etorri ahala harrera egitea ezin da irizpidea izan. Euskal Autonomia Erkidegoan mila daude eta beste erkidego batzuek ez dute bat bera ere, edo oso gutxi. Ministerioak banaketa zentralizatu behar du. Hori lortu nahian ari gara”. Bakarrik dauden 18.000 adingabe atzerritar artatu zituzten Estatuan 2018an. Egindako banaketaren arabera Nafarroak 170 eta 208 adingabe bitartean hartu beharko lituzke.

Legezko betebeharra
“Giza eskubideen testuinguruan ari gara lanean. Nazio Batuen Erakundearen Haurren Eskubideen Aldarrikapenak argi eta garbi jasotzen du. Haurrak babesten dituen hiru Lege Organiko daude. Batzuek eta besteek argi eta garbi uzten dute, jatorria edozein izanda ere, adingabe guztiez aurreneko minututik arduratu beharra dagoela. Horrek komunitatean haserrealdiak sortzen ditu, desberdinari beldurra. Hedabideetan langarraren moduan zabaltzen den informazioa barneratzen goaz eta, batzuetan, adingabe horiek ulertzeko erantzun desegokiekin agertzen da. Premia jakinak dituzte eta laguntza behar dute. Bizitzeko aukeren bila heldu dira, gure gurasoek edo aiton-amonek migratu behar izan zutenean bezala”.

Horren guztiaren jakitun izanik, komunitatean “distortsiorik” ez sortzeko eta “harrera ona izaten saiatzeko” lanean ari dira. “Ez dauden tokian ez daitezela mamuak ikusi. Zurrumurruek kalte egiten dute. Egunerokotasunak integratu ditzakeela erakustea nahi dugu. Edozein adingaberekin egon daitezkeen arazoak egon daitezke. Baina ez du zergatik arazo gehiagorik izan beharrik”. Gurbindok jakinarazi duenez, “eskatzen zaigun esparru guztietan elkarlanerako eta jarraipena egiteko prest gaude”.

Adingabeen profila
Adingabeen % 97 mutilak dira eta % 3 neskak. 16,8 urteko batez besteko adina dute. Gehienek 15 urte baino gehiago dituzte (% 89) eta 16-17 urteko adin-tartea da ugariena (% 73). Nafarroara iritsi diren adingabeen % 95 marokoarra da. Eta beste % 5 Gambia, Ghana, Ginea eta Aljeriakoa.