Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan berritu ziren Sakanako 13 udalek eratzeko eguna dute bihar. Haietako hamarrek EH Bilduren alkatea izanen dute: Arakil, Irurtzun, Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Urdiain, Olatzagutia eta Ziordia. Hautagaitza independenteetako alkateak izanen dituzte Arruazun eta Ergoienan legegintzaldi berrian. Eta Altsasun Geroa Baikoa.
Zortzi alkate berri izanen dira bihartik aurrera Sakana, gainontzeko bostek ardurari eusten baitiote: Aitor Larraza Carrera (Irurtzun), Patxi Xabier Razkin Sagastibeltza (Lakuntza), Egoiz Urritza Lazkoz (Bakaiku), David Oroz Alonso (Urdiain) eta Javier Ollo Martinez (Altsasu). 13 alkatetatik 3 besterik ez dira emakumezkoak izanen. Eta ibarrean bihar kargua hartuko duten 109 hautetsietatik 66 gizonezkoak izanen dira eta 43 emakumezkoak. Bestetik, Irañetan eta Iturmendin udala osatzeko udazkeneko deialdira itxaron beharko dute, hautagaitza aurkeztuz gero behintzat. Halakorik ez badago Nafarroako Gobernuak kudeaketa batzordea izendatuko luke.
Sakanako udalen osaketa ordutegia | |
Udala | Ordua |
Arakil | 11:00 |
Irurtzun | 12:00 |
Uharte Arakil | 11:00 |
Arruazu | 16:00 |
Lakuntza | 12:00 |
Arbizu | 12:00 |
Ergoiena | 13:30 |
Etxarri Aranatz | 11:30 |
Bakaiku | 11:00 |
Urdiain | 11:30 |
Altsasu | 12:00 |
Olatzagutia | 10:00 |
Ziordia | 13:00 |