Tritoiena, Beriain helburu

Guaixe 2019ko eka. 14a, 14:01
Tritoienako lehendabiziko edizioan Joxe Mari Mercero, Maitane Txueka eta Aintzane Lizarraga omendu zituzten. Aurtengo edizioan, proba hasi baino lehen, minutu bateko isilunea egingo da Merceroren alde.

Igandean, 9:30ean, III. Tritoiena mendi lasterketa abiatuko da Arbizuko kanpinetik. Beriain helburu duen probak 20,65 km ditu paraje ikusgarrietatik barna. Eguraldi ona iragarri dute eta oraindik ere izena ematea zabalik dago

Arbizuko kanpinak eta Dantzaleku Sakana atletismo klubak, Ergoienako Udalaren laguntzarekin eta hainbat babeslerekin, III. Tritoiena mendi lasterketa antolatu dute iganderako, ekainaren 16rako. 

urten, lehenengoz, proba Nafarroako Mendi Lasterketen Txapelketarako baliagarria izango da. Beriain ardatz nagusi hartuta, iazko ibilbide berbera izango du lasterketak, baina hasieran korrikalariek buelta bat emango diote Arbizuko kanpingari. Horrela, ibilbidea pixkat luzatu eta aurten 20,650 km izango ditu probak.

Ibilbide ederra
Arbizuko Kanpinean buelta bat eman ondoren, Ondatzera iritsi eta handik Unanura jaitsiko dira korrikalariak, herrira. Unanutik Beriain igo, Uharteko portutik jaitsi eta Ondatzetik atzera ere Arbizuko kanpinera iritsiko dira korrikalariak. ʺIbilbidea ederra da, elegantea, airean joateko moduan, eta Beriain ardatz hartuta, Beriainek duen erakarmen horrekin, lasterketa polita da Tritoiena” esan digute Arbizuko kanpineko arduradunek. Ibilbidearen tracka wikiloc web gunean kontsultatu daiteke. 

urreikusten denez, korrikalari azkarrenak ordu bat eta hiru ordu laurden inguruan hasiko dira helmugara iristen. Korrikalariak ikusteko edozein toki da aproposa, baina Unanuko xenda, Beriain, Uharte Arakilgo portua eta Ondatz ʺparegabeak” direla nabarmendu du antolakuntzak, eta proba jarraitzera joateko gonbita egin dute. Eguraldi ona iragartzen dute, eta igandean mendira joan eta lasterketa jarraitzea plan oso ona izan daiteke.

Aurreko urtean 44 korrikalarik osatu zuten proba eta Jon Alberdi zestoarra (1:43:11) eta Ainhoa Jauregi donostiarra (1:43:11) izan ziren azkarrenak. Javi Gasanz altsasuarra izan zen lehen sakandarra, bosgarren postuan (1:56:43).

Guztia ongi ateratzeko 30 boluntariotik gora ariko dira lanean, Arbizukoak, Ergoienakoak, kanpinekoak eta Dantzaleku Sakanakoak. Korrikalariek eta martxistek kanpinean euren arropak eta beste uzteko tokia izanen dute, kontsigna, eta baita dutxak eta kanpinaren zerbitzuak. Hiru hornidura gune izanen dira, Unanun, Beriainen eta Ondatzen, eta bi ur hornidura, Beriaingo pala igotzen eta Uharteko portuan. DYAk proba zainduko du eta ibilbidearen atzetik Dantzalekuko kideak joango dira, guztia txukun eta garbi uzteko.

Sariak eta auzatea


Bukaeran korrikalariek eta boluntarioek auzate ederra izanen dute zain kanpinean. Sari banaketa 12:45ean hasiko da. Mendi korrikalari guztiek motxila edo poltsa jasoko dute, produktu sortaz betea: ardo botila, kafea, esnea… Horretaz gain, txapeldunek txapela, Unanuko ihoteetako kattola eta produktu lotea jasoko dute opari, bigarrenek Arbizuko kanpinean egonaldia eta produktu lotea eta hirugarrenek bazkaria edo afaria Arbizuko kanpinean eta produktu sorta.

Izena ematea zabalik
Tritoienan parte hartzeko aurretiazko izena ematea zabalik dago www.rockthesport.com web gunean ekainaren 15eko 21:00ak arte. Bestela, egunean bertan bete ahal izango da inskripzioa, goizeko 8:30etik aurrera, Arbizuko kanpinean.

Mercero gogoan
Arbizuko kanpingeko arduradunek aipatu digutenez, lasterketa hasi baino lehen minutu bateko isilunea gordeko da aurten zendutako Joxe Mari Mercero korrikalari beterano unanuarra gogoratzeko. Hain zuzen ere, Tritoienako lehen edizioan omenaldia egin zioten Mercerori, korrikalariak atletismoa sustatzeko egindako lana eskertzeko.