Kultura sustatzeko diru-laguntzak banatu dituzte

Guaixe 2019ko eka. 17a, 14:30
Altsasuko Iortia kultur gunea Platea Antzoki Sareko kidea da. ARTXIBOA

Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Orokorrak ekimen artistikoak eta kulturalak antolatzeko diru-laguntzak banatu ditu, eta Sakanako bost udalek jasoko dute. Gainera, Platea sarearen diru-laguntzak ere esleitu dituzte

Herrietan arte eta kultura ekimenak eta jarduerak egitea, antolatzea eta sustatzea da Arte eta Kultura 2019 programaren helburua. Horren barruan, diru-laguntzak banatu ditu Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Orokorrak. Guztira, 517.000 euro banatu ditu Nafarroako laurogeita lau udalerritan, eta Sakanako bost herrietako udalak onuradun izan dira: Irurtzun, Lakuntza, Etxarri Aranatz, Altsasu eta Olazti.

Diru-laguntzak jasotzeko udalek hainbat diziplinetako ekimenak antolatu behar dituzte, besteak beste, musika kontzertuak, lirika emanaldiak, antzerkia, dantza emanaldiak, arte plastikoetako erakusketak, baita zinema eta ikus-entzunezkkoenak ere. Diru-laguntza honekin, beraz, kontratazio eta programazio gastuak, egile eskubideengatik sortutako gastuak eta antolatutako ekimenak sustatzeko eta iragartzeko sortutako gastuak kudeatzeko erabili behar dira.

Diru-laguntza honen banaketa Sakanan, beraz, honakoa izan da: Irurtzungo udala 11.189,79 euro, Lakuntzakoa 2.330 euro, Etxarri Aranazkoa 9.761 euro, Altsasukoa 15.901,86 euro eta Olaztikoa 2.300 euro.

Platea Antzoki Sarea
Bestetik, programazio kulturalak egiteko diru-laguntzak ere banatu dituzte egunotan. Nafarroako Platea Antzoki Sarearen barruan dauden kultur gune eta antzokietarako bideratutako diru-laguntza da eta kultura programazioetan arte eszenikoetako eta musikari profesionalak kontratatzeko aukera ematen du.

Nafarroako 29 entitatek jasoko dute diru-laguntza, tartean, Sakanako lau Kultura zerbitzuek: Irurtzun, Etxarri Aranatz, Altsasu eta Olazti. Bi kategoria zeuden, biztanleriaren arabera: 10.000 biztanle baino gehiago edo gutxiago. Altsasu lehenengo kategorian sartu dute eta 23.851,95 euro jasoko du; bigarren kategorian Irurtzunen -14.431,92 euro-, Etxarri Aranatz .9.691,93 euro-, eta Olazti -11.317,43 euro- daude.