Irurtzungo txapeletako bat Olatxearendako

Guaixe 2019ko eka. 17a, 14:33

I. Domingo Nagore Memoriala Iera Agirrek irabazi zuen eta Gizonezkoen XXVII. Irurtzungo eta Arakilgo Txapelketan, promesetan Olaetxea-Apezetxeak eta seniorretan Iriarte-Sarasak irabazi zuten

Larunbatean, Irurtzungo Trinitate festekin batera, Irurtzun pilota klubak antolatutako gizonezkoen XXVII. Irurtzungo eta Arakilgo Txapelketetako finalak eta emakumezkoen I. Domingo Nagore Memorialeko finalak jokatu ziren. Afizionatuen mailako pilotaririk onenak lehiatu dira aipatu txapelketetan eta larunbatean onenek jokatu zituzten finalak. Beste behin, aipatzekoa da Irurtzunen emakumezkoei tokia egin dietela eta aurten lau t’erdiko Domingo Nagore Memoriala jokatu dela.

Emakumezkoetan lau t’erdian jokatu zuten Maite Ruiz de Larramendik eta Iera Agirrek. Gaztea gailendu zitzaion beteranoari, eta Agirrek jantzi zuen txapela, merezimendu osoz, 14 eta 22 irabazi eta gero.

Gizonezkoetan, promesen mailan lehia oso estua izan zuten Ruiz de Larramendi-Azkarragak eta Olaetxea-Apezetxeak. Azkenean txapela Sakanan gelditu zen, Olaetxea unanuarrak eta Apezetxeak 22 eta 17 irabazi baitzieten Ruiz de Larramendiri eta Azkarragari. Seniorretan, Iriarte eta Sarasak 12 tantotan utzi zituzten Uribe eta Arbizu, eta Arbizu etxarriarrak txapeldunorde izatearekin konformatu behar izan zuen.

Sari emate ekitaldian Irurtzun Pilota Klubeko arduradunak, Nafarroako Pilota Federazioko ordezkariak, Jose Javier Zabaleta pilotaria eta Domingo Nagore zenaren emaztea eta semea, Jorge Nagore pilotari ohia izan ziren, Irurtzungo alkate Aitor Larrazarekin eta beste ordezkariekin batera.

Irurtzungo finalak
Emakumezkoen I. Domingo Nagore Memoriala
Lau t’erdian: Maite Ruiz de Larramendi 14 / Iera Agirre 22

Gizonezkoen XXVII. Irurtzungo eta Arakilgo Txapelketa
Promesak: Ruiz de Larramendi-Azkarraga 17 / Olaetxea-Apezetxea 22
Seniorrak: Iriarte-Sarasa 22 / Uribe-Arbizu 12