Sanferminak: Ezkurdia Zabaletarekin eta Martija Irribarriarekin

Guaixe 2019ko eka. 18a, 11:26

Atzo Sanferminetako Binakako Torneoa aurkeztu zuten. Ezkurdiak eta Zabaletak bikotea osatuko dute eta Martija Irribarriarekin ariko da. Bi ordutan jaialdietako sarreren %80a saldu zen

Sanferminek erakartzen dute, ez dago inolako zalantzarik. Eta baita Sanferminetako Pilota feriak. Atzo Sanferminetako Binakako Txapelketa aurkeztu zuten. Guztira 6 bikotek hartuko dute parte, enpresa bakoitzetik hiru. Lehen multzoko bikoteak Olaizola II.a-Albisu, Bengoetxea VI.a-Imaz eta Irribarria-Martija dira eta bigarren multzoko bikoteak Altuna III.a-Ladis Galarza, Ezkurdia-Zabaleta eta Urrutikoetxea-Mariezkurrena II.a dira.

Atzo bertan salgai jarri ziren Sanferminetako pilota feriako sarrerak eta dagoen ikusminaren isla, ordu batean sarrera guztien %80 saldu ziren. Hor datua, ikaragarria, Labritek sanferminetan ere izugarri erakartzen duenaren seinale. Izan ere, plan borobila izan daiteke: Iruñeko bihotzean, jaiak eztanda egiten duenean, erdi-erdian dagoen Labrit pilotalekuan pilotaz gozatu eta bitartean, eta ondoren, parrandarekin jarraitu. Plan mundiala.

Elezkano II.aren eta Rezustaren hutsunea izan zen aurkezpeneko korrotxoetan hizpide izan ziren gai nagusietakoa. Azkeneko bi urtetan Ezkurdiarekin batera sanferminetako txapelduna izan da Rezusta, eta haren faltak zur eta lur utzi du katedra. Jon Mariezkurrenaren presentziak ere harridura piztu du, debutatu berria baita, baina Berriozarkoa denez, pentsatzekoa da Aspek keinu bat egin nahi izan diela pilotazale nafarrei.

Katedrak 2018ko Binakako txapeldunak, Ezkurdia eta Zabaleta eta Olaizola II.a-Albisu jotzen ditu faborito, baina gainontzeko bikoak ere ez dira gutxiago. Iker Irribarriak buruz buruko txapeldunaren kamiseta gorria defendatuko du Iruñean. Aramakoarendako Iruñeko torneoa ʺpolitena” da. Iaz Zabaletarekin batera aritu zen eta txapeldunordeak izan ziren, eta aurten Martijarekin txapelketa lortzea da bere helburuetako bat. Asmo berbera du ere Etxeberrikoak. Jose Zabaletak ere iazko arantza atera nahi du, baina kasu honetan Ezkurdia izango du bidaide, azken bi urtetako txapelduna, Rezustarekin batera. ʺIaz Irribarriarekin ibaiertzean geratu ginen eta aurten, Joseba lagun handiarekin, ea torneoa irabaztea lortzen dugun” azaldu zuen Zabaletak. Ezkurdiak Zabaletarekin partida asko jokatu dituela nabarmendu zuen eta biok primeran elkar ulertzen dutela gaineratu zuen. Halaber, Rezustarekin gogoratu zen, eta ʺhalako torneo ederrean” gipuzkoarra etxean geratzeak pena ematen diola aitortu zuen.

Sarrerak
Ondoko web gunean eros daitezke, oraindik sarrerak egonez gero: entradasfronton.com