Katarain bigarrena eta Munarriz 10.a Tolosako 3 Tontorretan

Guaixe 2019ko eka. 19a, 13:15

Tolosako mendi maratoian, aldi berean Euskal Herriko Txapelketa zenean, ikaragarri aritu ziren sakandarrak

Ikusgarri. Ez dago beste hitzik. Horrela aritu ziren igandean Tolosako 3 Tontorretan (43,5 km eta 2.800 metroko desnibel +) Beñat Katarain lakuntzarra eta Aritz Munarriz etxarriarra. Tolosako mendi maratoi ikusgarria aldi berean Euskal Herriko Txapelketa zen, eta hura begiz jota zuten mendi korrikalariek. Eguraldi bikainarekin ekin zioten probari ia 400 korrikalariek –Tolosako 3 Tontorra probaz gain, Tolosako 2 Tontorrak (24,5 km eta 1.600 metroko desnibel +) eta Gazte probak jokatu ziren, laburragoak– eta hasieratik hartu zuen aurrera Hassan Ait Chaouk. Atzetik, gertu, Beñat Katarain, Xabi Lete, Iñaki Olano eta Igor Amantegi zeuden.

Ait Chaouk sekulako erakustaldia eman zuen. Hernioko tontorrean ia lau minutuko aldea atera zien atzekoei, eta Uzturre gainean ia 7 minutukoa. Atzean abiadura handitzen joan zen Beñat Katarain, eta probako azken tontorrean, Erroizpen, 4 minutura jaitsi zuen aldea. Ait Chaouk ongi eutsi zuen eta lehena iritsi zen helmugara (4:05:40), eta Beñat Katarain bigarrena sartu zen, lau minutu pasatxora (4:09:58). Aritz Munarriz etxarriarrak ere proba ikusgarria egin zuen eta 10.a sartu zen (4:35:10). Emakumezkoetan Amaia Amantegi gailendu zen (4:48:36) eta Oihana Kortazarrek zuen marka bi minututan hobetu zuen. Beraz, Ait Chaou eta Amantegi Euskal Herriko txapeldunak ditugu eta Beñat Katarain eta Natalia Gomez txapeldunordeak.

Aipatzekoa da 189 korrikalarik lortu zutela Tolosako 3 Tontorrak maratoia osatzea; askok proba utzi behar izan zuten.



Sakandarrak Gasteizko Mendietan (62,31 km)
Igandean Gasteizko Mendiak Ultra traila jokatu zen Uribarri Jauregin, Gasteiz inguruko mendietatik 62,310 kilometroko lasterketa ikusgarria. 781 korrikalarik lortu zuten proba osatzea, Alvaro Ramos (5:49:51) buru zela. Bertan zenbait sakandar aritu ziren, tartean honakoak: Jose Julian Lopez 69.a sailkatu zen (7:16:11), Aitor Salinas 203.a (8:28:59), Noureddine Jdi 294.a (9:11:50), Jose Salgado 461.a (10:14:09) eta Felix San Roman 465.a (10:15:28). Emakumezkoetan Lur Basterretxea gailendu zen (7:03:52).