Quesos Albeniz, Nafarroako erlojupeko talderik onena

Guaixe 2019ko eka. 19a, 14:20

Igandean Tafallan jokatutako taldekako erlojupekoa irabazi zuen Burunda klubeko taldeak, kadeteetan eta juniorretan

Igandean taldekako erlojupekoa jokatu zen Tafallan, kadeteen eta juniorren mailakoa. Kadeteek 15 kilometroko ibilbidea egin behar izan zuten, eta juniorrek 22,4 km-koa.

Kadeteetan Burunda klubeko Quesos Albeniz taldean Hugo Aznar, Jon Chamorro, Oihan Etxeberria, Julen Guerrero, Unax Trevejo, Mikel Uncilla, Ander Villalobos eta Sergio Lopez txirrindulariek eman zuten izena eta Sakana Group Aralar taldean Jon Erdoziak, Alex Lopetegik, Aitor Ondarrak, Aimar Tadeok, Mikel Yeregik eta Martxel Etxeberriak. Lan ikusgarria egin eta gero, Burunda klubeko Quesos Albeniz taldeak irabazi zuen Nafarroako Taldekako kadeteen mailako erlojupekoa (20:55), El Proex taldeari 12 segundo aterata (21:07). Sakana Group Aralar Txirrindulari Taldea zortzigarrena sailkatu zen, ia bi minututara (22:42).

Juniorretan, Quesos Albeniz taldean Diego Gonzalo, Jonathan Felix Vega, Unai Aznar, Iker Mintegi, Willy Ismael Torres eta Unai Villalobos aritu ziren, Sakana Group-Aralar taldean Aitor Alberdi, Igor Arrieta, Inhar Astitz, Urko Gorriti, Mikel Lizasoain eta Unax Miranda zeuden izena emanda, eta Beola Motor taldean Mikel Arretxe arbizuarra eta Lizarte Ermitagaña taldean Jon Gil lakuntzarra aritu ziren. Kadeteetan bezala, Quesos Albeniz izan zen junior mailako txapelduna (31:24), baina kasu honetan alde txikiagorekin, Asesores de Navarra taldeari 3 segundo (31:27)eta Sakana Group-Aralar taldeari 8 segundo (31:32) atera baitzizkion Burundak. Jon Gilen Lizarte Ermitagaña laugarrena sailkatu zen (31:44) eta Mikel Arretxeren Beola Motor zazpigarrena (33:10).