Korpus eguneko ospakizuna igandean

Guaixe 2019ko eka. 22a, 09:26
Lakuntzako alkate dantza.

Aurreko igandean Trinitatea izan bazen, Corpus Christi edo Korpus eguna izanen da bihar.

Horregatik etziko elizkizunak bereziak izanen dira. Aralarko santutegian, 12:30eko mezaren ondoren, elizatik aldameneko Trinitate ermitaraino prozesioa eginen dute. Joan-etorri horretan buru Gurutze Nagusiak eta Aralarko aingeruaren irudia izanen dira. Apaizak kustodia eskutan eramanen du eta Aralarko Deun Mikel Kofradiako kideek eramandako palioaren azpian joanen da. Haiekin batera fededunak ere izanen dira.

Lakuntzan Korpus eguna jai-eguna da. Egun horrekin kintoek, urtean bigarrenez, alkate dantza dantzatuko dute plazan, 19:00etan. Hura despedituta Iñaki Bizkaik dantzarako doinuak joko ditu. 19:30ean, gainera, Gure Nahia elkartean sardina erreak jateko aukera izanen da. Arbizun egun horrekin prozesioa egiten dute eta etxeetako sarrerak majo edertuta izaten dituzte. Uharte Arakilen estandarteak eta beste ateratzen dituzte egun horretan eta Urdiainen jaunartzeen eguna izan ohi da.

Korpus egunarekin makina bat herrietan prozesioak eginen dituzte. Haietan lehen jaunartzea egin duten haurrek parte hartuko dute. Ibilbidean zehar arrosa petaloak zabaltzea ohikoa da.

Erlazionatuak

"Alkate dantza egitea zerbait berezia da"

Erkuden Ruiz Barroso 2019 urt 18 Lakuntza