Vegas anaiak eta Oiartzabal Tritoienan nagusi

Guaixe 2019ko eka. 21a, 10:33

Arbizuko kanpinean jokatutako 20,65 km-ko proban 65 korrikalari lehiatu ziren eta hasieran minutu bateko isilunea gorde zuten aurten zendutako Joxe Mari Mercero korrikalari unanuarraren omenez. Joxeja Maiza (2:00:06) eta Maitane Txueka (2:47:59) izan ziren lehen sakandarrak

Sakandarrak Tritoienan (20,65 km)
Gizonak
1.Jon Vegas    1:49:04
4.Joxeja Maiza    2:00:06
5.Jokin Bereziartu 2:00:10
6.Jabi Gasanz    2:00:11
7.Alatz Agirre    2:00:56
11.Iker Flores    2:08:37
14.Fran Araña    2:10:07
17.Ioseba Iza    2:12:23
20.Kepa Gordo     2:13:57
26.Asier Leitza     2:25:25
35.Mikel Senar     2:34:19
43.Josean Guzman 2:51:39
44.Gorka Ansa    2:53:27
45.Urko Rekalde 2:53:46
46.Andoni Gonzalez 2:54:56
48.Sergio Goñi    2:58:35
52.Ioni Araña     3:03:40
53.Sergio Tere     3:04:45

Emakumezkoak
1.Lourdes Oiartzabal    2:11:23
4.Maitane Txueka    2:47:59


Eguzkiak gogoz jotzen zuela jokatu zen, igandean, Arbizuko kanpinak eta Dantzaleku Sakana klubak antolatutako III. Tritoiena mendi lasterketa (20,65 km eta 1.348 metroko desnibel +). Proba ikusgarrian 65 korrikalari aritu ziren guztira, eta lanari ekin baino lehen, korrikalariek minutu bateko isilunea gorde zuten aurten zendutako Joxe Mari Mercero korrikalari unanuarraren alde, bezperan Iturmendiko Aitzkozarren bezala. Ondoren ekin zioten probari, eta korrikalariek Ondatz, Unanu eta Beriainera igo zituzten, Uharte Arakilgo portutik Beriaingo jaitsierari ekiteko eta Ondatzetik Arbizuko kanpinera heltzeko.

Azkarrenak Jon Vegas eta Xabi Vegas anai biki aguraindarrak izan ziren. Beriainera Jesus Mari Alegriarekin batera joan ziren, aurreratuta, baina jaitsieran Alegria atzean geratu zen eta 24 urteko bi anaiek elkarrekin segitu zuten aurrera. Jon Vegas izan zen azkarrena (1:49:04), bere anaia Xabiri 7 segundo aterata (1:49:11). Jesus Mari Alegria sartu zen hirugarrena (1:55:12), eta Joxeja Maiza etxarriarra laugarrena (2:00:06), probako lehen sakandarra. Jon Vegasek aipatu zuen asko gustatu zitzaiela proba. ʺOso polita izan da. Erritmo onean hasi gara, eta gu biak eta Alegriak batera egin dugu aurrera. Beriain gainean izugarri polita zegoen guztia. Jaitsieran aurrea hartu diogu hirugarrenari eta azkenean anaiak ezin zuen erritmoa jarraitu eta bakarrik sartu naiz. Aurreikusi gabeko garaipena izan da, baina sentsazio onak izan ditut, zortea alde eta irabazi dut. Ederra izan da, itzuliko gara” nabarmendu zuen.

Emakumezkoetan 45 urteko Lourdes Oiartzabal korrikalari beterano gipuzkoarra gailendu zen (2:11:23), Zutoia Odriozola (2:32:06) eta Nuria Mendivilen aurretik (2:37:55). Maitane Txueka arbizuarra laugarren eta lehen sakandarra izan zen (2:47:59). 45 urteko Lezoko korrikalaria, Oiartzabal, lehenengo aldiz aritu zen Tritoienan. ʺEderra da, oso polita, ibilbidea ikaragarri gustatu zait. Beriain Uharte Arakilgo Km Bertikala igotzetik ezagutzen nuen, baina hango aldetik, ez hemendik, eta asko gustatu zait. Oso gustura ibili naiz, sentsazio onekin, eta errepikatzeko moduko lasterketa da” nabarmendu zuen.