Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea da

Guaixe 2019ko eka. 20a, 20:13

Aurreneko bozketan Iñaki Iriartek (UPN) 20 boto lortu zituen, Unai Hualdek (Geroa Bai) 16 eta Imma Juriok (PSN) 11. Bigarren bozketan, berriz, Hualdek 30 boto eta Iriartek 20 eskuratu zituzten

Nafarroako Parlamentuaren X. Legegintzaldiko aurreneko bileran hurrengo 4 urteetan erakundea gobernatuko duten lehendakaria eta Mahaia hautatu dira. Foru ganberako presidentea Unai Hualde Iglesias izanen da. Pasa den legegintzaldian Hualde Parlamentuko mahaiko lehen presidenteorde izan zen. Horretaz aparte, Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administraritzako zein Araudi Batzordean eleduna izan zen, Nafarroako Kutxaren desagerpenaren gaineko Ikerketa Batzordeko eta Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia Batzordeko mahaiburua; eta Foru Erregimen eta Ogasun eta Finantza Publikoko Batzordeetako kidea.    

Araudiak dioenez, Parlamentua osatzen denetik hamar eguneko epean, Hualdek parlamentuan ordezkariak dituzten alderdi edo talde politikoek izendatu dituzten eledunekin kontsultak egin eta Foru Komunitaterako hautagai bat proposatu beharko du. Horretarako, osoko bilkura bat deituko du gutxienez 3 egun lehenago. Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak egin zirenetik (maiatzaren 24a) hiru hilabete igaro ondoren ez bada hautagairik aurkeztu edo aurkeztu direnetatik ez bada inor hautatu, Parlamentua deuseztatuko da eta hauteskunde berriak deituko dira berehala.

Foru ganbera horrela dago osatua: Navarra Sumak 20 parlamentari, PSNk 11, Geroa Baik 9, EH Bilduk 7, Ahal Duguk 2 eta I-Ek 1. Aurreko legegintzaldian hiru altsasuar parlamentari baziren, gaur eratu den Nafarroako Parlamentuan sakandar bakarra da Hualde.

Gehiago
Altsasuarra zuzenbidean lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean. 1999an egin zen EAJko kide, 23 urte zituela. Politikan sartu aurretik enpresa pribatuan aritu zen lanean, aholkulari juridiko gisa zuzenbide publikoaren esparruan. 2003-2007 urteen artean Altsasuko Udalean Altsasuko Taldeko zinegotzia izan zen. 2007-2011 legegintzaldian Altsasuko alkatea izan zen Hualde. Eta hurrengo legegintzaldian, 2015eko udal hauteskundeetan zinegotzi aukeratu zuten eta  2016ko otsailera arte segitu zuen karguan hari uko egin eta Parlamentuan zentratzeko. Izan ere, 2015eko hauteskundeetan  Geroa Baiko hautagaitzarekin parlamentari aukeratu zuten.

Hualde 2004tik da EAJko Napar Buru Batzarreko (NBB) burukidea. 2015eko garila eta 2016ko ilbeltza bitartean NBBren jarduneko lehendakaria izan zen, Manu Aierdik postua utzi baitzuen Nafarroako Gobernuko lehendakariorde izateko. Barne-prozesu baten ondoren NBBko lehendakari hautetsia izan zen 2016ko ilbeltzean, EAJren Nafarroako uri erakunde guztiek aho batez proposatu eta militantziaren %90etik gorako babesa jaso ondoren. Ardura horri eusten dio gaur egun.