"Aurrenekoz ibarreko Berdintasun politikak eginen dira"

Guaixe 2019ko eka. 23a, 12:46
Sakanako Mankomunitatearen Berdintasun Zerbitzuaren aurkezpenean hainbat udal ordezkari izna ziren.

Sakanako Mankomunitateak Berdintasun Zerbitzua aurkeztu du, Altsasuko Udalekoarekin elkarlanean ariko dena. 2018Ko diagnosiaren ondoren uda pasata I. Sakanako Berdintasun Planaren diseinuarekin hasiko dira.

Aurreko legegintzaldi hasieran Sakanako Mankomunitateak udalen eskaera jaso zuen: Berdintasun Zerbitzua sortzea. Duela bi urte eskaera ofiziala egin zuten eta legegintzaldia despeditu baino lehen martxan zegoen, apirilaren hasierarako Oihana Gallo San Roman berdintasun teknikaria lanean zegoen. Sakanako 14 udalendako lan eginen du Gallok. Altsasuko Udalak Berdintasun Zerbitzua duela 25 urte pasa du eta kanpo gelditu da. Bi zerbitzuak “erabat koordinatuta” ariko direla jakinarazi zuen David Oroz Alonso Mank-eko presidenteak  zerbitzu berriaren aurkezpenean.

Gallo ez da lanean hutsetik hasiko, joan den urtean Mank-ek egoeraren diagnosia egin baitzuen. Teknikariak azaldu zuenez, zerbitzu berriaren misioa “ibarreko emakumezkoen eta gizonezkoen arteko desberdintasun eta diskriminazioei aurre egitea izanen da”. Hori lortzeko Berdintasun Zerbitzuaren egitekoa izanen da “berdintasunerako ibilbidea koordinatzea, kudeatzea, bulkatzea eta ebaluatzea. Bere eginkizuna ezinbestekoa izanen da biztanleriarengan parekidetasunaren bideko eraldaketa sustatuko duten prozesuak sortzeari begira”. Legeari jarraituz, Mank-eko Berdintasun Zerbitzuak lau esparru eta lan lerroak landuko ditu: gobernantza eta genero zeharkakotasuna; emakumezkoen kontrako indarkeria; zaintza, erantzunkidetasuna eta eginkizunak betearaztea eta emakumeen ahalduntzea, parte hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.

Teknikariak nabarmendu zuenez, “lehenengoz, Sakanako ikuspegia izanen duten Berdintasun politikak aurrera eramateko aukera izango da eta erronka honi aurre egiteko dagoneko hasi gara lanean”. Batetik, Altsasuko Berdintasun Zerbitzuarekin elkarlanean ariko delako eta, bestetik, Mank-eko jardueretan genero ikuspegiaren zeharkakotasuna txertatzeko asmoa dutelako. Joan den  urtean diagnosia egin zuten I. Sakanako Berdintasun Planaren diseinuarekin hasiko dira. Gallok deia egin zuen: “bidea egiten hasi den Zerbitzua da eta Berdintasunaren bide honetan sakandar guztien konpromiso eta parte hartzea ezinbestekoa izango da”.

Elkarlana
Indarkeria Matxistari aurre egiteko Estatu Itunetik 13.968,3 euro jaso ondoren, Sakanako eta Altsasuko Berdintasun Zerbitzuek elkarlanean aurreneko proiektua landu dute maiatzean eta garagartzaroan. Hala, emakumeen aurkako indarkeria kasuetan esku hartzen duten profesionalekin baliabideen egiazko koordinazioa ahalbidetzeko eta etorkizuneko Protokoloaren aurre diagnosia egiteko lan saioak egin ziren. 9 herrietako zinegotziek beste prestakuntza saio batean parte hartu ziren.

Burundako euskalkian askatu jarain esaten da. Eta, hain zuzen, hitz hori erabiliko da emakumeen kontrako indarkeriarekin lotutako informazio baliagarria eta Sakanako baliabideen berri emanen duen euskarri berritzaile batek, egun diseinatzen ari direna. “Jarain! Sakanako emakumeok aske, libre bizi nahi dugulako”. Hitza gizarteratzeko asmoz, festetako kanpainarako erabiliko den leman ere izen hori agertuko da.

Festetan
Berdintasun Zerbitzuak uda partean sexu erasoen kontrako kanpainan eginen du honako leloarekin: Jarain! Eraso sexistarik gabe Sakana libre! Ibarreko festa guztietan indarkeriaren kontrako irudi bateratu bat jendarteratuko da bi helbururekin. Aurrena, festa egun eta eremuetan emakumeenganako eraso zein jazarpen aurka herritarrak sentsibilizatzeko. Hurrena, errealitate horren aurrean, instituzioen zein jendartearen konpromiso irmoa adieraztea.

Horretarako, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako esku morean oinarrituta, Sakanako herri bakoitzarendako irudi bat prestatu da, udalek egoki jotzen duten moduan erabiltzeko (egitarauan, kartelak, pegatinak). Komunikazio kanpaina ere izan da eta indarkeria matxistaren kontrako esku moreak banatuko dituzte. Aldi berean, festa guneetan indarkeria sexistarik gabeko gunea jarriko da. Han indarkeria sexistari aurre egiteko bitartekoak eskura izanen dira eta sakandarrek gaiaz kontzientziatzea du helburu. Emagi elkarteko bi hezitzaile izanen dira 3 orduz, azalpenak eman asmoz. Azkenik, eraikin publikoetan jartzeko pankartak ere izanen dira.

Indarkeria sexistarik gabeko gunea
Eguna                                    Herria            Ordua
Garagarrilak 29, larunbata   Arbizu             00:00etatik 03:00etara
Garilak 20, larunbata            Irurtzun          19:30etik 22:30era
Garilak 26, ostirala               Olatzagutia      00:30etik 03:30era
Garilak 27, larunbata           Bakaiku           00:30etik 03:30era
Agorrilak 3, larunbata          Etxarri Aranatz 00:00etatik 03:00etara    
Agorrilak 24, larunbata        Lakuntza          01:00etatik 04:00etara

Erlazionatuak