Aralarko kofradiak Deiherri etxea berritzea erabaki du

Guaixe 2019ko eka. 24a, 12:28
Kofradiako kideak bileraren ondoren.

Egoitzetarako erabili nahi du. Kofradiako kide izateko deialdia ere egin dute urteroko batzarraren ondoren.

Aralarko Deun Mikel kofradiak bere urteroko bilera orokorra egin zuen Aralarko santutegian hilaren 16an. Lehenik, azken urtean hildako kofrade guztien eta, bereziki, Inozenzio Aierbe zenaren oroimenezko eta kofradeen aldeko mezan izan ziren, 11:00etan. Elizkizunaren ondoren egin zuten kofradeek euren bilkura eta kofradiak bere konpromisoak berritu zituen. Jose Mari Ustarrozek azaldu digunez, “toki berezi, ezagun eta hain maitatua den horretara hurbiltzen diren guztiek merezi
duten harrera izan dezaten, eta tokiko eraikuntza, ingurumena eta zerbitzuak mantentzen laguntzeko”. Horregatik, zuzendaritzak proposatuta, kofradiaren estatutuetan puntu bat berritzea erabaki zuten. Hala, helburuen artean orain ere kultur eta turismo herrikoia bultzatzea daude.

Bestetik, kofradeek erabaki zuten Deiherri etxea berritzea, Santutegiarekin batera hau aurrera ateratzea. “Horrela toki berezi bat izanen du kofradiak aurrerantzean, artxiboa, bulegoa eta bilerak egiteko tokia”. Eraikin hori Pedro de Artajona edo Pedro de Paris gotzainak kofradiari oparitutakoa da. Eraikina zaharberritzearekin batera, kofradia bera gaztetzeko asmoa adierazi zuten kideek. Kofradiako bazkide izan nahi duenak urtean 17 euro ordaindu beharko ditu. Hala egin nahi duenak Ustarrozi jakinarazi beharko dio 680 943 075 telefonora hots eginez edo cofradia@cofradiasanmiguelaralar.com e-postara idatzi dezake. Kofradiaren urteroko topaketa senidetze bazkariarekin despeditu zuten.