Ezkurdia eta Bakaikoa, sanferminetako lau t’erdiko final erdietan

Guaixe 2019ko eka. 24a, 12:54

Ezkurdiak 22 eta 17 irabazi zion Erik Jakari Arbizun, San Juan festak primeran hasteko, eta Bakaikoak sorpresa eman zuen eta 18 eta 22 irabazi zion Olaizola II.ari. Asteburuan finalerdiak jokatuko dituzte

Sanferminetako lau t’erdian dabiltzan bi pilotari sakandarrak aurrera egin dute, itxura bikaina emanda eta sentsazio ezin hobeekin. Izan ere, asteburu honetan sanferminetako lau t’erdiko final laurdenak jokatu ziren.

Joseba Ezkurdiak Erik Jaka hartu zuen igandean Arbizun, San Juan festak hasteko ordu eskasa falta zenean eta Arbizuko kiroldegia bere alde betea zegoela. Hasieran Lizartzakoak hartu zuen aurrea, 2 eta 6 aurreratu baitzen, sakeari eta aireko jokoari esker. Baina akatsak egiten hasi zen pilotari gipuzkoarra eta horrek airea eman zion Joseba Ezkurdiari. Jakak ederki estutu zionean partidari ongi eusten jakin zuen arbizuarrak, botera jokatzen Jakari min gehien egin ahal ziola konturatu zen, eta, gutxika, markagailuan gerturatzen hasi zen arbizuarra, eta 9 eta 8-arekin markagailuan lehenengoz aurreratzea lortu zuen. Hortik aurrera takada ederra lortu zuen Ezkurdiak, 9 tanto segidan egin baitzituen, eta 15 eta 8 aurreratu zen Joseba. Ongi aritu zen arbizuarra, sake zitalak egiten, botera jokatzen eta abiadura bikainarekin; aldiz, akats ugari pilatu zituen Jakak –5 joan zitzaion txapapera eta bi txapara, eta 12 akats egin zituen guztira– baina, hala ere, ez zuen partida galdutzat eman eta gipuzkoarrak tanto oso ederrak egin zituen. 17 eta 14 gerturatu zen Jaka, baina Joseba 21eraino joan zen ondoren. Azken tantoan sake falta egin zuen Jakak eta 22 eta 17 irabazita, Ezkurdia sanferminetako lau t’erdiko final erdietara sailkatu zen eta San Juanak modu ezin hobean hasi ziren Arbizun: frontoitik ermitarako bidea kontentu egin zuten arbizuarrek.

Bakaikoaren sake zitalak
Joanes Bakaikoak sorpresa ederra eman zuen Beasainen, faboritoa zen Olaizola II.aren kontra garaipena lortu eta gero. Sanferminetako lau t’erdian Victor Esteban eta Unai Laso irabaztetik zetorren pilotari etxarriarra, eta igandean hirugarren pilotaria utzi zuen bidean: Aimar Olaizola.

Bi pilotariek akats gehiegi pilatu zituzten. Hasieran Aimar Olaizolak agindu zuen eta 7 eta 3 aurreratu zen Goizuetakoa, baina Bakaikoak nerbioei eusten jakin zuen eta berehala erantzun zuen: 7 eta 8 aurreratzea lortu zuen. Hortik aurrera markagailuak bata eta bestearen alde egin zuen, baina azken txanpan Bakaikoak sakez hainbat tanto egin zizkion Olaizolari –guztira 5 tanto egin zituen sakez– eta markagailuan alde ederra atera zuen etxarriarrak 12 eta 20. Nahiz eta ohi baino akats gehiago egin, imarrek ez zuen partida galdutzat eman eta 17 eta 20 eta 18 eta 21 gerturatzea lortu zuen, baina Joanesek burua hotz izaten jakin zuen eta garaipenaren tantoa lortu zuen, 18 eta 22 irabaziz eta katedrari sorpresa emanez.

Finalerdiak
Sanferminetako lau t’erdiko finalerdiak asteburuan jokatuko dira. Joanes Bakaikoao Artola izango du aurkari larunbatean, 18:00etan, Barañaingo Retegi pilotalekuan (ETB1). Joseba Ezkurdiaren arerioa nor izango den gaur jakingo da, Jokin Altunak eta Peio Etxeberriak gaur Tolosan jokatuko duten partidatik aterako baita. Finalerdia ostiralean jokatuko dute, 21:15ean Sopelan hasiko den jaialdian (ETB1).