XXX. Gipuzkoako Itzulia Igor Arrietarendako

Guaixe 2019ko eka. 25a, 12:37

Sakana Group-Aralarko txirrindulariak Gipuzkoako Itzulia irabazi du eta mendiko txapelduna izan da. Bigarren etapa irabazi zuen uhartearrak, sailkapen orokorrean bigarrena jarri zen eta asteleheneko laugarren etapan, Lazkaon, sailkapen orokorra irabaztea lortu zuen. Atariko etapa Burunda Quesos Albenizko Unai Aznarrek irabazi zuen

Sakanako txirrindularitzaren urrezko garaietan jarraitzen dugu. Astebururo Sakana Group-Aralar eta Burundako Quesos Albeniz taldekoak podiumetan ikusten ohituak gaude, eta asteburu honetan ere horrela izan zen. Ostiralean hasi eta astelehenean despeditu zen junior mailako XXX. Gipuzkoako Itzulia, lau etapatan junior mailako tropelaren onena bildu duena. Eta bertatik berri oso pozgarriak iritsi zaizkigu, Sakana Group taldeko Igor Arrietak irabazi baitu Gipuzkoako Itzulia, puntutako sailkapena eta mendiko sailkapena irabazteaz gain. Uharte Arakilgoak bigarren etapa irabazi zuen eta sailkapen orokorrean bigarrena jarri zen, eta azken etapan lortu zuen Gipuzkoako Itzulia irabaztea.

2 segundoko aldea
Ostiralean hasi zen juniorren XXX. Gipuzkoako Itzulia, Oñatin jokatutako atariko etaparekin. Quesos Albenizko Unai Aznarrek irabazi zuen, Sakana Group-eko Aitor Alberdiren aurretik. Hurrengo egunetan 78,3 kilometroko etapa jokatu zen Olaberrian, eta etapa primeran irakurri eta gero, merezitako garaipena lortu zuen Sakana Groupeko Igor Arrieta Lizarraga uhartearrak. Etapa irabazteaz gain, sailkapen orokorrean bigarrena sailkatu zen Arrieta. Hirugarren etapa Diego Uriartek irabazi zuen, eta Iñaki Diaz (Limousin) zen liderra, Igor Arrietari 2 segundo aterata.

Azken etapan erabaki zen guztia
Astelehenean jokatu zen azken etapa, Lazkaon (95 km). Urduritasunak eragin nabarmena izan zuen txirrindulariengan, eta etengabeko mugimenduak izan ziren tropelean. Etapako lehen igoeran seikote batek egin zuen aurrera, eta tartean zeuden faborito nagusiak, Igor Arrieta, Iñaki Diaz liderra, Lopez (Lintxu), Rodriguez (Donostiberri), Ruiz de Arkaute (Arabarrak) eta Castrillo (Lizarte). Seikote honek aurrera egin zuen eta bigarren mendia, Lazkaomendi, batera osatu zuten Diaz, Arrietak eta Ruiz de Arkautek. Ruiz de Arkautek aurrera egin zuen, garaipenagatik borrokatzeko –etapa irabaztea lortu zuen (2:26:48)–, eta Arrietak eta Diazek oso lehia estua izan zuten, 2 segundoren aldegatik Itzulia baitzuten jokoan. Azkenean, Urkillagako portuko azken metrotan Arrietak alde txikia atera zion Diazi, eta Uharte Arakilgoa hirugarrena sartu zen helmugara, 1:10era. Iñaki Diazi sei segundo atera zizkion eta, hortaz, Gipuzkoako Itzulia uhartearrarendako izan zen.

Liderra, mendia eta puntukakoa
Gipuzkoako Itzuliko sailkapen orokorra kontuan hartuta, Igor Arrieta izan zen merezitako garailea (7:01:02), Iñaki Diazi 4 segundo eta Raul Lopezi 12 segundo aterata. Sakandarrei dagokienez, Aitor Alberdi arbizuarra (Sakana G.) 8.a sailkatu zen, 3:52ra, Iker Mintegi altsasuarra (Q. Albeniz) 18.a, Jon Gil lakuntzarra (Lizarte Ermitagaña) 28.a, 9.29ra, Mikel Arretxe arbizuarra (Beola) 35.a, 12:19ra, eta Sendoa Jauregi (Sakana G.) 55.a, 18:20ra. Sailkapen orokorra irabazteaz gain, puntutako sailkapena eta mendiko sailkapena irabazi ditu Igor Arrietak, eta junior mailako sailkapena. Taldeka, zazpigarrena sailkatu da Sakana Group-Aralar.

Sakana Group-Aralar taldeak Lazkaon eta Lakuntzan ospatu zuen garaipena. Oso pozik daudela azaldu dute.