Ganboaren Oberena, Berria Torneoko txapelduna

Guaixe 2019ko eka. 26a, 15:05

Oberenak 1 eta 2 irabazi zion Aurrera Tolosari larunbatean Hernanin jokatutako Berria Torneoko finalean

Larunbatean Berria Torneoko finalak jokatu ziren Hernaniko pilotalekuan. Aurrera Tolosa eta Iruñeko Oberena klubak sailkatu ziren final handirako, eta bere biko onenetakoak prestatu zituzten kantxara ateratzeko. Tartean, Ganboa arbizuarra aritu zen Oberena klubarekin, jubeniletan.

Kadeteen partidan gauzak oso ongi hasi ziren Aurrera Tolosarendako. 22 eta 8 gailendu ziren gipuzkoarrak, Amianok eta Sodupek Lasoren eta Illarregiren kontra egindako lan bikainari esker. Baina Oberenako jubenilek bikain erantzun zuten. Oskozek eta Ganboa arbizuarrak partida oso serioa egin zuten eta 11 eta 22 irabazi zieten Aurrera Tolosako Altunari eta Etxeberriari. Beraz, bana berdinduta zeuden bi taldeak eta seniorren partidak erabaki zuen. Partida lehiatuan, Aurrera Tolosako Elolaren eta Telletxearen aurrean 15 eta 22 gailendu ziren Oberenako Canabal eta Aldabe, eta Berria Torneoko saria Nafarroara iritsi zen.  

Berria Torneoko finala
Aurrera Tolosa 1 / Oberena (Iruñea) 2
Kadeteak: Amiano-Sodupe (Aurrera Tolosa) 22 / Laso-Illarregi (Oberena) 8
Jubenilak: Altuna-Etxeberria (Aurrera Tolosa) 11 / Oskoz-Ganboa (Oberena) 22
Seniorrak: Elola-Telletxea (Aurrera Tolosa) 15 / Canabal-Aldabe (Oberena) 22