Sare: “korapiloak askatzeko garaia da”

Guaixe 2019ko eka. 29a, 10:22

Sareko hainbat kidek egin zuten agerraldia.

Presoen eta euren senideen eskubideak errespetatzeko Sarek “dinamikak ugaldu eta Nafarroan sareak hedatuko ditugu, desberdinen aktibazioan sakonduz eta gizarte zibilaren mobilizazio eta konpromisoa ahalbidetzeko bide berriak sortuz”.

Sare Herritarrak jakinarazi duenez, euren sarea Nafarroa osoan zabaltzeko lanean ari dira. Horrela, “konponbide osoa erraztuko duten ekimenak bulkatzeko. Gure dinamikak ugaldu eta sareak hedatuko ditugu, ezberdinen aktibazioan sakonduz eta gizarte zibilaren mobilizazio eta konpromisoa ahalbidetzeko bide berriak sortuz”.  

Nafarroako Sareren izenean Mikel Mundiñanok adierazi zuenez, “preso diren pertsonen eta euren senideen eskubideak errespetatuak izan daitezen exijitzen jarraitzeko, denon artean presoak etxeratzeko unea dela aldarrikatzeko eta urtetako sufrimenduak atzean utziz konponbidean urratsak emateko sarea zabaltzen joan nahi dugu”. Mundiñanok gaineratu zuenez, “presoei ezartzen zaien salbuespen politika eta neurriek, sekula zentzurik izan ez duten arren, orain, existitzeko arrazoi oro galdu dute. Sufrimendu oro sortzea eten eta jendarte honek elkarrekin bakean bizitzeko duen nahia gauzatu dadin presoen auziari aterabidea ematea ezinbestekoa da”. Presoei “aparteko legerik aplikatu gabe, euren bidea egiteko aukera” behar dutela nabarmendu zuen.

Sare Herritarrak dispertsioarekin, isolamenduarekin eta lehen graduarekin bukatzea aldarrikatu du. Horrekin batera, larriki gaixo dauden presoen askatasuna. 70 urte baino gehiago dituzten presoak edo zigorraren 3/4 eta 2/3 bete dituztenak libre uztea eskatu du Sarek. Azkenik, bizi guztirako espetxe zigorrak ahalbideratzen duten legeak eta egoerak bertan behera uztea eskatu du. “Auzi 
au behin betikoz konpondu behar dugu, gertatutako oro errepika ez dadin bermeak ezarri eta herri hau normalizazio egoera batera eraman”.