“Ratioak jaitsi eta Europara ahalik eta gehien gerturatu nahi dugu”

Guaixe 2019ko uzt. 1a, 09:03

Eider Garde Mazkiaran.

Nafarroako 0-3 zikloaren aldeko plataformako kide eta Sakana-Larraungo ordezkaria da Eider Garde Mazkiaran. Nafarroako haur eskola publikoetan mobilizazioak izan ziren hilaren 14an. Gardek eman dizkigu azalpenak. 

Zeinek osatzen duzue plataforma eta zein da bere zeregina?
2001ean sortu zen. Garai hartan Ongizate Departamentuaren menpe geunden, zikloaren hezkuntza izaera onartuta ez zegoelako. Hezkuntzan sartzearena landu zuten eragileak egon ziren orduan. 2007ko dekretuak 0-3 haur eskola publikoak arautu zituen, hezkuntza izaera onartu zuen. Plataformaren egitekoak izan dira: baldintzak duintzea, Nafarroan 0-3an euskara eskaintza nahikoa izatea eta erregulazioaren inguruko borroka.

Bere garaian txosten bat sortu zen. Arartekoarekin bildu gara. Parlamentuan egon gara. Alderdi politiko guztiekin landu dugu txostena. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin egon gara. Urte hauetan lanketa bat egon da. Ez du fruiturik eman. Ezkerreko alderdiak eskaerekiko sentsibleagoak dira, baina lauko gobernuan ez dugu aldaketarik sumatu 0-3 erregulazioan. Mobilizazioei ekitea planteatzen ari gara, behingoz aldaketa izan dadin.

Berez plataforma irekia da, eta edozein haur eskola publikok parte har dezake. Edozein hezitzaile gerturatu daiteke eta bere ikuspuntua azaldu. Horretaz aparte, lau sindikatu daude momentu honetan: STEILAS, ELA, LAB eta CCOO. Plataformak talde eragile txiki bat du, Parlamentuan aurpegia eman dugunak edo txostena egin dugunak.


Uharte Arakilgo Pausoka haur eskolan jarritako pankartak.


Zein lan baldintza dituzue haur eskoletan?
Urte hauetan guztietan lehentasuna ratioen jaitsiera izan da. Nafarroan, une honetan, ratioak ikaragarri altuak dira: hezitzaile batendako 0 eta 1 urte arteko 8 ume; 1-2 urtekoak 12 haur hezitzaileko eta 2-3koak 16 ume hezitzaileko. Nafarroako Gobernutik pedagogia edukia ere arautzen zaigu, eta guk hor talka handia ikusten dugu. Horrelako kopuruei arreta egokia emateko zailtasun handiak ditugu. Europan ratioen inguruan ematen diren gomendioak gureen erdiak dira. Desberdintasuna ikaragarria da: 0-1eko 4 haur; 1-2ko 6 ume eta 2-3ko 8 haur hezitzaile bakoitzeko. Momentu honetan Nafarroako haur-eskola gehienetan Europako ratioa bikoizten ari gara.

Euskal Autonomia Erkidegoan legez ratio berak izanda Haur Eskolen Partzuergoak baliabide gehiago ematen ditu eta, normalean, ratio horiekin bi pertsona egoten dira. Nafarroan pairatzen ari garen kostua handia da. Ez da bakarrik eskaintzen den arreta motan, baizik eta ez iriste horrek hezitzaileen osasunean duen eragina. Familiei kezka sortzen dien zerbait ere bada: zenbat haurrekin egonen da nire semea edo alaba?  

Etorkizunera begira umeen garapenean garai horren garrantzia jendartean gero eta handiagoa da. Praktikan dekretuarekin ez da islatzen. Gure aldarrikapenetako bat ratioen jaitsiera da eta ahalik eta gehien gerturatzea Europako gomendioetara. 

Kattuka haur eskolan aldarrikapen pankartak.


Lan baldintzak ere, ezta?
Miseriazko soldatak dira. Nafarroan Espainiako hitzarmena dugu gehienok. Nafarroan edo Sevillan bizitzea, bizitzaren kostua ez da berdina. Egia da Nafarroako Gobernuak plus antzeko bat ematen duela haur eskola publikoetan, soldata osagarri modukoa. Berez ez dago behartuta. Agintean dagoenaren arabera plus hori murriztu edo handitu egiten da, soldataren igoerak eta jaitsierak ditugu. Azken 15 urteetan kontsumo prezioen indizearekin lotutako soldata igoerarik ez dago.  Askok uste dute hiru hilabeteko oporrak ditugula eta ez, agorrila dugu bakarrik, urte guztian lan egiten dugu. Gure aldarrikapen nagusia da, behingoan, Hezkuntza Departamentuak 0-3 zikloa beste hizkuntza zikloak bezala trata dezala, onartua baitago hezkuntza zikloa dela. Beste aldarrikapen bat da: euskararen eskaintza Nafarroa osoan.

Txirinbulo haur eskolan aldarrikapen pankartak.

Mobilizazioekin hasi zarete. Segitzeko asmorik?
Kontziente gara Nafarroako errealitatea oso desberdina dela. Nafarroako ipar aldean nondik jo oso ikuspegi garbia dugu: mobilizazio ez bortitzetara, baina mahai gainean kolpe bat eman behar dugula eta, behingoan, aldarrikatu behar dugula. Hainbeste bilera, proposamen, lanketa… egia esan, erre egin gara. Nafarroako ipar aldekoak izan gara mugitu garenak. Erriberakoak ez hainbeste, bestelako errealitate bat dutelako, politikoki ere desberdintasun handiak daudelako. Hor zailtasun bat dago. Pasa den astean batzen gaituen horretaz hitz egitea eta adostasunetara iristea erabaki genuen. Batzen gaituzten gauza asko ditugu, nahiz eta errealitate desberdinak izan.

Irailean hezitzaileen inguruko edo haur eskola barruko sentsibilizazio kanpaina hasiko dugu, gero mobilizazioak izatera pasako direnak, kontzentrazioak. Pasa den astean grebaren aukera mahai gainean jarri zen, grebara jo, behingoan, norbaitek kasu egin diezagun. Plataforman iruditzen zaigu une politiko egokia izan daitekeela. Txibitek lehendakari izan behar badu, PSNk bere programan 0-3 inguruan hainbat proposamen ditu, ea gauzatzen dituen. Iruditzen zaigu presio neurriak behar direla. Itxoiteaz nazkatu gara. Ate berak etengabe joka ari gara eta halako postuak politikoen menpe daudenean oso aldakorrak dira. UPN edo laukoa gobernuan egon ikuspegia ez da bera. Promesa asko, baina gero ez da bat bera ere gauzatu ez batekin ez besteekin. Iruditze zaigu kalera atera eta jendartean 0-3 zikloan pairatzen ari garen egoeraren berri ematea. Jendea kontziente izan dadin, berez, zerbitzu publiko bat da, doakoa eta unibertsala izan beharko lukeena, gaur egun ez dela errealitate bat.

Ikusten ari gara Sakanan haur eskola publikoko titulartasuna ez duten herriek ezin dutela zerbitzu hori eskaini eta eskaintzekotan gainetik ordaindu behar dute. Udalek gastu hori ez badute bere egiten familiek pairatu behar dute. Gaur egun familia askok ezin dute gastu hori bere egin. Aldarrikapena hor dago: publikoa, doakoa eta unibertsala. Ikasturte gogorra izanen da.