'Etxe honetan' hitz gutxi, baina nahikoak

Guaixe 2019ko eka. 28a, 10:03
Asier Iturralde eta Aintzane Usandizaga 'Etxe honetan' album ilustratuarekin, Iruñean egindako aurkezpenean. UTZITAKOA

Etxe honetan komikiaren ukituak dituen album ilustratuak irabazi du Etxepare saria. Asier Iturralde Gonzalez de Alaiza eta Aintzane Usandizaga Lopez dira egileak

Iloba etxera iritsi da, eta hankaz gora jarri ditu aitatxik etxean jarri dituen arauak. Hori da Asier Iturralde Gonzalez de Alaiz ilustratzaileak eta Aintzane Usandizaga Lopez idazleak Etxe honetan album ilustratuan kontatu duten istorioa. 2019ko Etxepare sarietako irabazlea izan da. 23 lan aurkeztu dira aurten. Irabazleek egile eskubideen aurrerapen moduan 5.000 euroko saria jasoko dute. Gainera, udazkenean album ilustratua argitaratuko du Pamiela argitaletxeak. Nafarroako 22 toki-entitateren euskara zerbitzuek antolatzen dute sariketa, tartean Sakanako Mankomunitateak.

Euskaraz sortutako albumen produkzioa sustatzea du helburua Etxepare sariak. Nafarroako 22 toki-entitateren euskara zerbitzuek antolatzen dute, tartean Sakanako Mankomunitatekoak. 2004an literatur lehiaketa alorrean erreferentzia izanen zen saria sortu zen. Haur, gazte eta helduendako literatura saria izan zen hasieran. Ondoren, 2006tik aurrera, albumak sortzeko bela bihurtu zen. 2009an beka izateari utzi eta sari bihurtu zen Etxepare.

Asier Iturralde Gonzalez de Alaiz eta Aintzane Usandizaga Lopez egileak dira aurtengo irabazleak, Etxe honetan album ilustratuagatik. "Edonori ezagunak egin ahal zaizkigun egoerak bizitasunez kontatu eta marraztu dituzte egileek", diote Etxepare sarietatik. Umorea maisuki erabili dutela eta irribarrea lehen minututik sorrarazten duela esan dute ere. Mezu bat bidaltzen die irakurleei: "erabaki dezala nork agintzen duen etxe honetan".

Leire Bilbao idazleak, Leire Salaberria ilustratzaileak eta Idoia Sobrino liburuzainak osatu dute epaimahaia, eta haren iritziz "egileek ederki uztartu dituzte hitza eta irudia, komikiaren trazuak dituen album eder honetan". Hortaz, hitz gutxi, "baina nahikoen" bitartez topikoetatik ihes egiten duela azaldu du epaimahaiak. Irudiari buruz dio aipatzekoak direla erabili diren "errekurtso narratiboak".

Egileak
Asier Iturralde Gonzalez de Alaiza Donostian jaioa da eta Arte Ederretan lizentziatua. Irudigilea eta diseinugile grafikoa da. Diseinu estudio eta agentzia ezberrdinetan lan egin du, eta 2004an La Machine Factoria Grafica sortu zuen beste diseinugile batekin. 2017an Studio Gaston sortu zuen ilustrazio eremua sakontzearren. Batez ere, erakundeendako lan egiten du. Komikizale amorratua da Iturralde. Hainbat sari eta aipamen lortu ditu. Besteak beste, Balmaseda 700. urteurrena komikia argitaratu du eta Euskal Irudigileak, EIDE Basque Design eta Galtzagorri elkarteetako kidea da. 

Aintzane Usandiaga Lopez Lasarte-Orian jaio zen eta Artearen Historia lizentziatua da. Kultura artistikoaren Gizarte Garapenetan graduondokoa ere egin zuen. Proiektu eta kultur gune ezberdinetan lan egin du. Betidanik gustatu izan zio istorioak kontatzea, hauek entzun eta asmatzeko grina. 2014an Zumaiako Udalak antoaltzen duen Julenen Azpeitia ipuin lehaiketaren lehengo saria eskuratu zuen, eta iaz bigarrena. Udaberrian Kabitu ezina liburua argitaratu du Elkar argitaletxearekin.

Etxepare sariketaren saria egile eskubideen aurrerapen moduan 5.000 euroko saria da. Izan ere, Etxe honetan album ilustratua argitaratuko du Pamiela argitaletxe nafarrak, urtero Etxepare irabazleekin egin bezala. Udazkenean aurkeztea aurreikusi dute.