Ur festa goxoen txanda

Guaixe 2019ko uzt. 4a, 13:16
Aurreko edizioetako batean parte hartu dutenetako batzuk. Argazkiak: Burunda mendebaldeko Gizarte Zerbiztuak.

Altsasun izanen da aurrena, gaur, 21:00etatik 01:00etara, sarrera dohainik da.

Gozamenez programak Ur Festa Goxoak ekartzen ditu igerilekuetara udan. Sakanako Gozamenez Batzordeko kideek azaldu digutenez, “programaren bidez gazteen sexualitatea ikuspegi positibo, adeitsu, plural eta aberasgarri batetik landu nahi izan dugu”. Gaineratu dutenez, “sexualitatearen hainbat alderdiri buruzko hausnarketa eta eztabaida sustatu nahi dugu gazteen artean, baita gazteen eta haien bitartekarien artean (familia, ikastetxea, komunikabideak...). Gazteen bizitzan sexualitateak duen tokia agerian utzi nahi du, gune publiko eta ohikoetan”.

Horretarako, gazteekin esperientzia ludikoak egiten dituzte. “Horien bidez ohartarazi nahi diegu  gure gorputzak eta zentzumenak plazer iturri eta komunikazio bide direla”. Jarduera horien artean daude Ur Festa Goxoak, Sakanako bost igerilekuetan eginen direnak eta 12 urtetik gorako gazteei zuzenduta daudenak.

Altsasun hasi
Aurreneko Ur Festa Goxoa gaur eginen da Altsasuko Dantzaleku igerilekuan. Sakanako Gozamenez Batzordeak 11. aldiz antolatu du ospakizuna. 21:00etan festaren aurkezpena eginen dute. Ordutik 23:45era bitartean gazteek bainua hartu eta ur-jokoetan parte hartzeko aukera izanen dute. 21:30ean afarirako ogitartekoa eta alkoholik gabeko edaria 3 eurotan eskuratzeko aukera izanen dute. Aniztasun funtzionalak dituzten Sakanako gazteek dantza ikuskizuna eskainiko dute 22:00etan. Ordu bat geroago Soka Lepoan taldearen kontzertua izanen da. Eta 23:30ean txokolate iturria izanen dute dastatzeko.


Egutegia
Eguna                             Herria
Garilak 4, osteguna        Altsasun
Garilak 10, asteazkena   Lakuntzan
Garilak 17, asteazkena   Etxarri Aranatzen
Garilak 22, astelehena    Irurtzunen
Garilak 24, astezkena     Uharte Arakilen


Sakanako Gozamenez Batzordeko kideak
Etxarri Aranazko Emakumeari Laguntzeko Zentroko hezitzailea, Altsasuko Gazteria Zerbitzuko teknikaria, Irurtzungo, Etxarriko eta Altsasuko Gizarte Zerbitzuetako Prebentzio teknikariak eta Etxarri Aranazko kultur teknikaria.